Beizama eta Nuarbe ur edangarriz hornitzeko azpiegitura berria eraikiko du Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ur Kontsortzioak 1,9 milioi euroko proiektua abiatu dute Beizamako eta Nuarbeko ur hornidura hobetzeko.

Beizama eta Nuarberako ur hornidura proiektuaren eraikuntza-gunea, hodiak eta tratamendu-estazio bat.
IA

Beizama eta Nuarberako ur hornidura proiektuaren eraikuntza-gunea, hodiak eta tratamendu-estazio bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin elkarlanean, urak tratatzeko azpiegitura berria eta ur biltegia eraikiko ditu Beizaman eta Nuarben, ur edangarriaren kalitatea bermatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioarekin lankidetzan, urak tratatzeko azpiegitura berria eta ur biltegia eraikiko ditu Beizamako nahiz Nuarbeko etxeak ur edangarriz hornitzeko. Urola Kostako oinarrizko ur hornidura azpiegiturek urteak daramatzate martxan, baina oraindik lurpeko urez hornitzen diren udalerrietan tratamendua "oso oinarrizkoa" da, eta Europako araudi berriek kalitate parametro zorrotzagoak eskatzen dituzte.
Beizamaren eta Nuarberen ur hornidurarako proiektua Sestra enpresak idatzi du, 1.928.449 euroko aurrekontuarekin eta hamalau hilabeteko exekuzio epearekin. Diputatuen Kontseiluak joan den ekainaren 2an onetsi zuen, eta obrei ekin aurreko izapideak abian dira.
Obraren helburu nagusia Beizamako herrigunea, Elizalde auzoa eta Nuarbe auzoa kalitatezko ur edangarriz hornitzea da. Horretarako, Beizaman, Iturburuko ur biltegia egokitu eta handituko dute, eta ondoan Edateko Ura Tratatzeko Estazio bat eraikiko dute. "Araztegi txiki bat bezalakoa izango da, iragazkiak dituen nukleo autonomo bat, eta edateko uraren kalitatea araudiak zehaztutako parametroetan bermatuko du", azaldu du Mikel Zubizarreta, Gipuzkoako Urakeko arduradunak.
Iturburuko biltegitik Beizamako herrigunea eta Elizalde hornituko dira. Nuarberako bidean, Orbegozo etxera arteko etxe guztietara banatuko da ura. Gainera, Illaun Bernizaketa lantegiaren ondoan eta Nuarben bertan beste ur biltegi bana eraikiko dira. Proiektu hau martxan jarritakoan, egungo Aitzaldeko eta Nuarbeko bi biltegi eraitsiko dira.
Ura hainbat iturburutatik jasoko da, eta iturburu bakoitzeko tratamendua automatizatu egingo da kalitate onena bermatzeko. Ibai Eder urtegitik ez dute hornituko Beizama eta Nuarbe, bertako ura gordina baita eta tratamendu prozesu konplexuagoa eskatuko lukeelako, gainera, urtegia herrigunearen azpitik dagoenez, ponpatu beharko litzateke ura.

"Urtegian ur gordina dago; euria egiten duenean ur zikin-zikina eta euririk egiten ez duenean garbiagoa. Ur guztiak, ordea, gehiago ala gutxiago, tratatu egin behar izaten dira araudiaren parametroetara egokitzeko."

Mikel Zubizarreta · Gipuzkoako Urakeko arduraduna
Ibai Eder urtegiaren betetze maila %80,5ekoa zen atzo, azken bost urteotako baxuena. Urtegiko azpiegiturak "altakoak" dira, eta ura Azpeitiko Oñatzen dagoen araztegira eraman behar da banatu aurretik, besteak beste Oriora, Getariara eta Zarautzera hornitzeko. Urkuluko urtegian, aldiz, presa eta araztegia elkarren ondoan daude, eta ez du zentzurik ur hori hainbeste kilometro atzera Beizamara edo Nuarbera eramateak.