Naike Saralegik (Azkoitia, 1984) hamaika urte daramatza tatuatzaile lanetan. Bere burua tatuatzen hasi zen, ondoren lagunak tatuatzeari ekin zion, eta azkenean, Azpeitian ireki zuen aurreneko estudioa. Orain gutxi, baina, Oriora etorri da bizitzera, senarrarekin eta umearekin, eta bigarren estudioa ireki berri du herrian.
Marraztea betidanik gustatu izan zaio Saralegiri. Arte Ederrak ikasi nahi zituen arren, enpresa ikasketak egitea erabaki zuen. Gerora, senarrarekin elektrizitate negozioan lanean ari zela, tatuatzaileentzako online ikastaro bat topatu zuen. Ikastaroa amaitu eta asko gustatu zitzaionez, bere burua tatuatzen hasi zen, eta pixkanaka-pixkanaka lagunei eta senitartekoei tatuajeak egiten hasi zion, jende gehiago gerturatuz.
Hasieran zaletasun gisa hartu bazuen ere, senarrarekin zuten negozioa itxi ondoren, tatuajeen bidetik jarraitzea erabaki zuen. Ingurukoen gomendioei esker, lehen estudioa ireki zuen Azpeitiko elektrizitate dendaren atzealdean. Gaur egun, tatuatzaile izateaz gain, spinning-eko irakasle ere bada Azpeitian.
Lanbide honetan gehien gustatzen zaiona jendearekin izaten duen tratua da. Pertsona asko ezagutu ditu eta harreman estua egin du batzuekin. Bezeroak gustura geratzen direnean, estudio berera itzultzen dira, eta horrek intimitate puntu bat sortzen du, batez ere tatuajeen esanahiak partekatzen dituztenean. "Oso lan politak egitea tokatu izan zait, eta asko betetzen nau bai horrek, bai bezeroak pozik ikusteak", adierazi du.
Tatuaje bitxienen artean, QR kode bat eta ametsetan agertutako irudiak aipatu ditu. Bi estudio kudeatzen ditu, bata Orion eta bestea Azpeitian, txandaka egoten delarik. "Nahiago dut neure kabuz egunean hamar tatuaje inguru egiten jarraitu, lantalde bat sortu eta egunean hogei tatuaje egitera iristea baino", azaldu du, bere proiektuaren izaera pertsonala mantentzeko nahia nabarmenduz.
Orain dela gutxi Oriora bizitzera joan dira senarrarekin eta zazpi urteko seme-alabarekin. "Iritsi orduko maitemindu naiz herriaz", aitortu du. Txikia, jende atsegina eta seme-alaba hazteko leku paregabea dela dio. Zalantzan dagoen oriotar bati, sare sozialetan inspirazioa bilatzeko eta beldurrik gabe estudioetara hurbiltzeko aholkua ematen die, adin guztietako pertsonei zerbitzua eskaintzen diela azpimarratuz.




