Proiekzioak Baztartxo antzokian izango dira, eta sarrerak egun berean jarriko dira salgai, bost euroko prezioan. Ekitaldi honek mendiaren eta abenturaren zaleak bilduko ditu, nazioarteko hainbat istorio ezagutzeko.
Programazioa Trango izeneko 45 minutuko muntaiarekin hasiko da. Dokumental honek Christina ‘Lusti’ Lustenberger, Jim Morrison, Nick McNutt eta Chantel Astorga mendizaleen ahaleginak kontatzen ditu, Trango glaziarrean eski jaitsiera bat osatzeko lehen saiakeran.
Horrez gain, Aldabide izeneko 12 minutuko dokumentalak Oskar Etxebarria eta Carlos Arranz espeleologoen gorabeherak erakusten ditu Itxina mendiguneko barnealdean, Gorbea bizkaitarraren bihotzean.
Karteldegian Dear Superhero ere badago, amatasunak kirolari profesionalengan duen eragina aztertzen duena, Janine Kuzma eskiatzailearen eta Leanne Pelosi snowboarderaren esperientziak oinarri hartuta Zeelanda Berriko Hegoaldeko Alpeetan.
Osteguneko saioa Eternal Solo filmarekin osatuko da, 2025eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko eskalada film onena izendatua. Bertan, Stefano Ragazzo eskalatzaileak bere burua proban jartzen du Eternal Flame horma mitikoan, Karakorum mendikate pakistandarraren erdian.




