Orio AEko arraunlariak prest Madrilgo ligari ekiteko

Gizonezko zein emakumezko taldeek Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoyan hasiko dute denboraldia ekainaren 28an.

Bi arraun talde, gizonezko bat eta emakumezko bat, Euskal Herriko arraun txalupa tradizionaletan aintzira batean, atzean Euskal Herriko herri baten arkitektura bereizgarria ikusgai.
IA

Bi arraun talde, gizonezko bat eta emakumezko bat, Euskal Herriko arraun txalupa tradizionaletan aintzira batean, atzean Euskal Herriko herri baten arkitektura bereizgarria ikusgai.

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezko eta emakumezko taldeek Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian hasiko dute Eusko Label eta Euskotren ligen 2026ko denboraldia, ekainaren 28an.

Ligari ekiteko prest dira Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak. Aurten, Madrilgo Erkidegoko Buitrago de Lozoya herrian hasiko dute denboraldia, ekainaren 28an. Antolatzaileek jada plazaratu dituzte arraunlarien zerrenda ofizialak.
Gizonezkoen taldea, Eusko Label Ligan lehiatuko dena, Iker Zabala bermeotarrak gidatuko du berriro ere. Taldea 22 arraunlarik –patroia barne– osatzen dute, eta horietatik bederatzi dira harrobikoak: zazpi oriotarrak eta bi aiarrak. Gorka Aranberri zarauztarra ariko da patroi lanetan.
Emakumezkoen taldea, berriz, Euskotren Ligan arituko dena, Xanti Zabaletak entrenatuko du aurten, hamar urteko etenaren ostean. 21 arraunlarik osatzen dute taldea, eta horietatik zortzi dira harrobikoak: sei oriotarrak, eta bana Zarauztik eta Aiatik. Maider Echaniz oiartzuarra izango da patroia.
Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko da Riosequillo urtegian. Gizonezkoek 6 luze eta 5 ziaboga egin beharko dituzte, eta emakumezkoek, berriz, 4 luze eta 3 ziaboga.