Gaur, ostirala, jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidak, eta bertan izango dira Oteiza pilota elkarteko gomazko palistak eta pilotariak. Gomazko palistek etxean dute kanporaketa borobiltzeko aukera, joan den astean Zarautzen lortutako garaipenaren ondoren. Neurketak Gurea frontoian hasiko dira 19:00etan.
Pilotariek, berriz, Zegamako Toki Alai pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak, 20:15ean hasita. Haiek ere esku eskura dute kanporaketa gainditzea, joanekoan Azkoitian lortutako garaipenari esker.
Gomazko palistek alde handia dute joanekoan: 56 tanto alde eta 32 aurka. Iker Epeldek 7-20 irabazi zuen lehen partida, Marcos Azpirozek eta Igor Larrañagak binakakoan 20-16 galdu zuten arren, eta Jokin Aizpuruk 5-20 nagusitu zen zazpi koadroen barruan.
Pilotarien kasuan, Zegama-Aizkorri mendi lasterketagatik joaneko eta itzulerako partiden kokalekua aldatzea adostu zuten bi elkarteek. Horrela, Azkoitian jokatu zen joaneko partida, eta bertan 2-1 nagusitu zen Oteiza. Gaur egun, 48 tanto ditu alde Azkoitiak eta 35 aurka. Kadeteetan, gazteetan eta nagusietan banatu zituzten garaipenak.
Final laurdenetarako sailkatuz gero, Oteizako bi taldeek aurkari gogorrak izango dituzte. Eskuzkoek Aia-Oiartzun kanporaketako irabazlearekin neurtuko ditu indarrak, eta gomazko palistek Aia dute zain.




