Orio Eragin Eskubaloi Klubeko jubenil eta infantil mailako bi taldek esperientzia garrantzitsuak eskuratu dituzte estatuko txapelketetan parte hartuta. Dhemen-Zipri taldea Mislatan aritu zen Jubenil mailako Estatuko Top 8an, eta Sinergia taldea Bolañosen (Ciudad Real) Infantil Mailako Estatuko Sektorean. Bi kasuetan, helburua argia zen: ikaskuntza eta hazkunde prozesua indartzea.
Jubenil mailako taldea, Dhemen-Zipri, Estatuko maila goreneko taldeekin lehiatu zen Mislatan. Erritmo biziko partidak jokatu eta lehiakortasun handiko giroa bizitzeaz gain, elkarbizitza eta talde izaera sendotzeko aukera izan zuten. Granollers taldeak irabazi zuen txapelketa, eta oriotarrek zortzigarren postuan amaitu zuten, borroka ederra eginez hainbat aurkari indartsuen aurka, hala nola Elche, Beti Onak eta Sant Quirze.
Bestalde, Sinergia taldeko infantilak Bolañosen izan ziren. Jokalari gazteentzat erabat berria izan zen esperientzia hau: lehen aldiz estatuko txapelketa batean parte hartzea, etxetik kanpo hainbat egun pasatzea eta maila handiko aurkarien aurrean aritzea. Bizipen hauek ikaskuntza handia ekarri dute bai kirolari gisa eta baita talde gisa ere.
Bi taldeak esperientzia, ikaskuntza eta oroitzapen berriz beteta itzuli dira etxera. Klubak zorionak eman dizkie jokalari, entrenatzaile eta laguntzaile guztiei egindako lanagatik.
Eskubaloi denboraldia amaierara iristen ari den arren, ekainaren 7an Eragin Mola Mola hondartza eskubaloi topaketa antolatu da LH3tik LH6ra bitarteko ikasleentzat. Topaketa hau egun osokoa izango da, 09:00etan hasita, eta izena emateko epea maiatzaren 25ean amaituko da orioeragin.eus helbidean.




