Arandia anaien eskutik hasiko dira Zelatungo erromeriak Errezilen

Abuztuaren 29an, San Joan Txiki egunean, hasiko dira musika emanaldiak Ernio mendiaren magalean.

Irudi generiko bat baserri euskal tradizional batena, mendi berde baten gainean.
IA

Irudi generiko bat baserri euskal tradizional batena, mendi berde baten gainean.

Arandia anaiak, Albizturko trikitilariak, hasiko dituzte Zelatungo erromeriak Errezilen, abuztuaren 29an, San Joan Txiki egunean, Ernio mendiaren magalean.

Aurten ere, Iraila iritsi aurretik hasiko dira Zelatungo erromeriak. Albizturko Arandia anaiak trikitilariak izango dira oholtza gainean abuztuaren 29an, San Joan Txiki egunean. Ohiturari jarraituz, trikitia izango da protagonista nagusia Ernio mendiaren magalean ospatuko den erromerian.
Zelatungo bordaren batean bazkaldu nahi dutenek aldez aurretik egin beharko dute erreserba. Horretarako, Antonioren Bordara (606 97 59 66) edo Agirretxe Bordara (636 743 827) deitu daiteke.
Iraileko igandeetan jarraipena izango dute erromeriak Zelatunen. Urtero jende ugari biltzen duen hitzordu hau trikitilari eta pandero-jole ezagunek girotuko dute.
Aurtengo egitaraua honakoa da: irailaren 6an, Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzalluse; irailaren 13an, Izer eta Alabier; irailaren 20an, Ostolaza eta Larrañaga; eta irailaren 27an, Elizagoien ahizpak.
Gogorarazi dute iraileko igandeetan ezingo dela autoz Zelatuneraino iritsi Errezil aldetik, Odria baserrian itxiko baita bidea. Urteko gainerako egunetan, berriz, sarbidea zabalik egongo da.