Emakumeen Euskal Herriko Itzulia eskualdetik igaro da berriz ere. Lehen etapa Zarautzen hasi eta bukatu zen ostiralean, eta gaurkoan, txirrindulariak Orioko lurretatik pasa dira, nahiz eta herrigunetik bertatik ez diren igaro.
Donostia-Donostia ibilbidea egin dute gaurkoan parte hartu duten txirrindulariek, 113 kilometroko luzera zuen etapari aurre eginez. Aginagatik barrena heldu dira Oriora etapa amaitzeko hamazazpi kilometro eskas falta zirela.
Txirrindulariak ez dira Orioko hirigunera sartu; Anibarko portuko saihesbidera heldu ondoren, aldapa gora egin dute Mendizorrotzerako mendatea igotzeko. Hortik aurrera, Igeldorantz jarraitu dute, etapa Donostian amaitzeko.
Mendateko igoeran, Human Powered Health taldeko Nina Buijmans herbeheretarra izan da lehena. Tropela zatituta heldu da, eta pelotoiko lehen parte hartzaileek Buijmans baino minutu erdi beranduago ekin diote igoerari.




