Jon Irureta izango da Oriokoren entrenatzaile berria datorren denboraldian

Antiguotarra da eta aurretik Lasarteko Ostadarren eta Añorgako taldeetan ibili da.

Futbol zelaiaren irudi generikoa.
IA

Futbol zelaiaren irudi generikoa.

Orioko futbol taldeak Jon Irureta izendatu du entrenatzaile berri datorren denboraldirako, zuzendaritzak jakinarazi duenez.

Jon Irureta antiguotarra izango da Oriokoren lehen taldearen entrenatzaile berria datorren denboraldian. 30 urteko gaztea da eta azken hiru urteak Preferente mailako Lasarteko Ostadar taldean eman ditu, bi urtez play-off postuetan utziz taldea eta aurten igoera lortzeko aukera izan ondoren, azken partidan galduz. Aurretik, 10 urte eman zituen Añorgako taldeetan formatzaile lanetan.
Iruretak erronka berria gogotsu hartu du. Taldeko zuzendaritzak bere «konfiantza osoa» adierazi dio proiektua gidatzeko, eta «konpromisu, gose eta grinak» pausu handiak ematen lagunduko diela ziurtatu du, «zelaian eta baita bertatik kanpo ere».

"Zorte on Jon! Zure arrakastak gure arrakastak izango dira"

Orioko Futbol Taldeko Zuzendaritza
Oriok mailari eustea lortu du amaitu berri den denboraldian, eta helburua talde sendoa osatzea da Gipuzkoako Ohorezko Erregionalerako.
Era berean, bost jokalarik ez dute taldean jarraituko: Unai Garatek, Oier Astigarragak, Anartz Agotek, Xanti Garmendiak eta Liber Perezek. Klubak eskerrak eman dizkie «konpromisoa, lana, dedikazioa eta taldearekiko leialtasuna» eskertuz, eta haien oroitzapenek eta bizipenek Oriokoren historiaren parte izaten jarraituko dutela azpimarratu du.

"Eskerrik asko emandako guztiagatik, eta zorte on datorren etapa berrian"

Orioko Futbol Taldeko Zuzendaritza