Javier Puertas (Baltanas, 1952) Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak lehiaketa utzi du osasun arazoak direla eta. Hain zuzen, aulki mugikorreko Espainiako Txapelketarako prestatzen ari zela hartu du erabaki hori. Puertasek ibilbide luze eta oparoa izan du arraun munduan, besteak beste, 1979an urrezko domina irabazi zuen Jugoslaviako Bled hirian jokatutako aulki mugikorreko Munduko Txapelketan. Gainera, Orioko traineruarekin hiru Kontxako Bandera eskuratu ditu.
Nahiz eta lehiatik urrundu den, arraunarekiko zaletasuna ez zaio desagertu. Gaur egun, goizetan Arraunetxeko ergometroan aritzen da, errioari begira.
Baltanasen jaio arren, Puertas Aginagan (Gipuzkoa) eta Orion hazi zen. Zortzi urte zituela iritsi zen Aginagara eta laster ikasi zuen euskara, bertako lagunei esker. 18 urterekin hasi zen arraunean Orion, eta 22 urterekin ezkondu eta herrian finkatu zen. Lagun batek animatuta probatu zuen kirola, eta berehala gustatu zitzaion.
Bere ibilbide osoan maila gorenean aritu da, bai aulki mugikorrean, bai traineruan. Horri eusteko sekretua konstantzia eta gogo handia izatea dela dio, baina batez ere, etxekoen babesa azpimarratzen du. Emazteak asko lagundu ziola aitortu du, bidaiak eta estropaden ondorioz familiak jasan behar izan duenarekin.
Arraunaren teknika eta materialak asko aldatu direla adierazi du Puertasek. Gaur egungo traineruak arinagoak dira eta mantentze gutxiago behar dute egurrezkoek baino.
Lorpen horiek poz eta harrotasun handia ematen diotela aitortu du, urte osoko entrenamenduen ondoren lortutako garaipenek ematen duten gustuarekin. Arraunak emandako urteak eta inguruko giroa oso onak izan direla gogoratu du.
Nazioarteko txapelketetan parte hartzea beti izan dela pozgarria adierazi du, eta kirolari batek goi mailan aritzeko aukera baldin badu, aukera guztiak baliatu behar dituela uste du, sentimendu edo pentsamendu politikoak alde batera utzita.
Espainiako Txapelketa 26 aldiz irabazi duela zehaztu du, eta 2009an Sevillan jasotako aitortza ere poz handiz gogoratzen du.
Kontxako Banderekiko sentimenduak bereziak dira Orion, baina Puertarentzat, munduko domina Kontxako Banderagatik ez luke aldatuko, aulki mugikorraren aldekoa dela argi utziz.
Aulki mugikorraren egungo egoerari dagokionez, belaunaldi ona datorrela uste du, nahiz eta ez den ziur jarraipenaz. Gazteek ikasketak lehenetsi behar izaten dituztela onartzen du, baina harrobia maila onean ari dela erakusten du.
Azkenik, kirol hau probatu nahi dutenei familia bat sortzen dela eta konfiantza handia hartzen dutela elkarren artean esaten die, arraunak jendea elkartzen duela azpimarratuz.




