Iñaki Garmendia Laja (Azkoitia, 1944-2019) trikitilariaren aspaldiko desioa zen jendetzaren aurrean erromeriak eskaintzea eta jendea dantzan jartzea. Baina plazara eraman aurretik, orduak ematen zituen bere baserriko sotoan, bakarrik, abesti berriak sortzen. Lan horretan sortzen zituen piezak grabatzeko joera zuen, eta orain, urte luzez ilunpean egon den ondare hori argitara atera da Elkar argitaletxeak kaleratu duen Ordu txikitako saioak disko bikoitzari esker.
Goizean aurkeztu dute trikitiaren maisuak utzitako ondarea Jose Luis Garmendia Laja ren semeak, Anjel Valdes musikan adituak eta Ibon Errazu Trikigiro taldeko kideak Elkar ren egoitzan. Lajaren semearen arabera, aitak 70eko hamarkadan hasi zen bere saiakera guztiak grabatzen, bere bikote zen Landakanda ren bultzadaz. Horren ondorioz, 600 pieza baino gehiago topatu dituzte soinujolearen kaseteetan, eta horietatik 40 aukeratu dituzte kaleratu berri duten diskora.
Prozesuan parte hartu dutenek hainbat irizpide erabili dituzte piezak hautatzeko, eta batzuk baztertu behar izan dituzte, kasete zaharretan "herdoilak hartutakoak" aurkitu baitituzte. Hala ere, oztopoak gaindituta, diskoko piezak digitalizatu eta estudioan txukundu dituzte, "gaurko belarrien ohituretara" egokitzeko. Garmendiak azpimarratu duenez, "amets bat" bete du lan honekin, aitarekin zuen "zorraren erdia behintzat" kitatu baitu.
Semeak gogoratu duenez, aita beti zebilen bere musika grabatzen, unean uneko sorkuntzak ez ahazteko. Musikaria bizi zen bitartean ere hainbatetan esan zion aitari abesti horiek zabaldu behar zirela, baina hark ez zuen inoiz horretarako animorik hartu. Garmendiak adierazi du oraindik ere Lajaren "material mordo bat" dagoela gordeta, eta horiek zabaltzeko ahalegina egin behar dela. Hain zuzen, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak beste 30 bat pieza argitaratuko dituela aurreratu dute datorren urtean, pieza "eredugarri asko" baitaude soinujoleentzat eta ikasten ari direnentzat.
Anjel Valdes ek ere pozarren adierazi du "aspaldi" hasitako lanak azkenean argia ikusi duela. Disko bikoitz honetan soinua bakarrik entzun daiteke, eta funtsean, "erromeria sotila" da publikoak jasoko duena. "Dantza solterako zein arrimaturako doinuak dira, Lajari plazan jotzea gustatzen zitzaion bezala, erromerietan jendea alai eta dantzan ikustea baitzen berarentzat saririk handiena", azaldu du Valdesek. Lan berriak soinujolearen izaera "alaiarekin, herrizalearekin eta sentimentalarekin" bat egiten duela gaineratu du.
Valdesek azpimarratu du Lajaren talentua ez zela zerutik etorri, baizik eta lan askoren emaitza zela, dozenaka kasetetan jasotako ordu luzeen ondorio. "Bakarrik zaudenean sortzen dira borrokak eta erronkak, eta kasete hauetan argi antzematen da hori", esan du, musikariak zalantzak zituela eta erritmoa aldatzen zuela adieraziz, asmatzen zuen arte. Gainera, Lajak bi aroren arteko zubia eraiki zuela esan du: "lehengo mentalitate zaharraren eta mundu modernoaren artekoa".
Ibon Errazu Trikigiro elkarteko ordezkariak eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei, "kristoren altxorra" publiko egiteagatik. Bihar, Azkoitia n bertan, Portaleburun, egingo dute Ordu txikitako saioak diskoaren aurkezpen ofiziala, Trikiti Egunaren barruan, 19:00etan.




