Gomestio baserriko egitura historikoa Agorregitik –Aia– Arrasatera ekarri zuten 2025eko urtearen amaieran. Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, garraioaren "zailtasunak" zirela eta, lekualdaketa bi fasetan egitea erabaki zen. Pieza luzeenak Atxabalpen kokatu zituzten behin-behinean, kokaleku berria zehaztu bitartean. Prozesua urtarrilaren hasieran amaitu zen.
Atxabalpen, zurezko piezak lurretik isolatu eta hezetasunetik babesteko arrastelen gainean jarri ziren. Beheko aldean habeak eta zutabeak kokatu ziren, eta gainean, habexkak eta kapirioak. Hasiera batean egitura "lonaz estaltzea aurreikusita" bazegoen ere, piezek lekualdaketan izan zuten hezetasun handia zela eta, jarduketa hori aldi baterako atzeratzea erabaki zen, zuraren aireztapen egokian eragin ziezaiokeen kaltea ekiditeko.
Urtarriletik hona, jarraipen-bisitak egin dira lehortze maila eta hezetasun egoera egiaztatzeko. Ondorioz, babes-lona jartzea "egokitzat" jotzen dute orain, eta lan hori "datozen egunetan" egitea aurreikusten da. Piezak estali gabe egon diren hilabeteetan, desmuntatzean egindako eskaneatzearen "egiaztapen eta kontraste lanak" egiteko aprobetxatu direla gaineratu du Aldundiak.




