Martxoaren 31n itxi ondoren, Getariako Udal Liburutegia eraldaketa sakon bat jasan du. Udal brigadako langileek, altzariak muntatzeko taldeak eta liburutegiko langileek elkarlanean aritu dira espazioa modernizatzeko. Lan horien artean, altzari zaharrak kendu eta berriak jarri dira, paretak margotu dira eta liburutegiko funtsa berrantolatu da.
Berritze lanek 15.465,16 euroko aurrekontua izan dute, 2026ko aurrekontuetan aurreikusitako partida baten bidez finantzatuta. Esku-hartze honen helburua liburutegia argitsuagoa, gaur egungo irizpideetara egokituagoa eta irisgarriagoa bihurtzea izan da, herritar guztien gozamenerako.
Antolaketa berriari dagokionez, haur eta gazteen atalean orain arteko egitura mantendu da. Helduen atalean, berriz, berrikuntza nabarmen bat egin da: euskarazko narratiba eta poesia bateratu dira, irakurleek bi generoetako liburuak errazago aurki ditzaten. Gaztelaniazko eta beste hizkuntzetako narratiba atalak bere horretan mantendu dira, eta erreferentziazko liburuen atalean egin da aldaketa handiena.
Liburutegiak gordetzea erabaki duen funtsa zortzi atal tematikotan banatu du: Txoko Morea, Zaintza eta Sukaldaritza, Bira (itsasoa, bidaiak, abenturak...), Mundua (politika, ekonomia, filosofia, gizarte-antolaketa, historia...), Euskal Herria (historia, politika, euskara, tradizioa...), Natur Zientziak, Kultura, eta Mendia eta Kirola.
Liburutegiak astelehenetik aurrera ditu ateak zabalik berriro. Gainera, apirilean zehar azalpen-saioak eskainiko dira liburutegiaren antolaketari eta sareko katalogoaren funtzionamenduari buruz: astearte arratsaldeetan, 17:30ean, eta asteazken goizetan, 11:30ean. Getariako Udala oso eskertuta dago berritze-lanetan jardun duten langile guztien ahaleginagatik, eta herritarrei dei egiten die espazio berri hau erabiltzera eta gozatzera.




