Iraurgi Berritzenek bultzatutako IkasEkin prozesuaren baitan, eskualdeko lau industria enpresak ingurumen-aztarna aztertzeko, hobekuntza-aukerak identifikatzeko eta jasangarritasunean aurrera egiteko lanketa egin dute AZTARNA proiektuaren bidez. Ekainaren 18an abian jarritako ekimen honek energia-eraginkortasuna hobetzea, karbono-isuriak murriztea eta trantsizio ekologikoa sustatzea du helburu.
Prozesuan parte hartu duten enpresak Alberdi Mekanizatu Lanak, S.L., Bernardo Ecenarro, S.A. (BESA), Calderería Pako S.L. (Caldereria CPK), eta Intza S.A. izan dira. Hauek, IHOBEko Climate and Circularity Calculator erabilita, beren ingurumen-aztarnaren kalkulua eta hobekuntza-neurrien identifikazioa landu dituzte, bakoitzaren egoerara egokitutako bide-orriak garatzeko.
Azaroaren 13an Azpeitiko Basazabal Jauregian egindako amaierako saioan, proiektuaren ondorio nagusiak partekatu ziren. Enpresa parte-hartzaileek beren esperientziak aurkeztu zituzten, prozesuan izandako zailtasunak, ikaskuntzak, lortutako emaitzak eta hemendik aurrerako urratsak azalduz. Era berean, enpresen arteko esperientzia-trukea eta jardunbide egokien partekatzea sustatu ziren.
AZTARNA Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako ekimena da, eta Iraurgi Berritzenek sustatu du, eskualdeko industria-sarearen jasangarritasuna eta lehiakortasuna indartzeko helburuarekin. Iraurgi Berritzenek eskerrak eman nahi dizkie lau enpresei parte-hartzeagatik, inplikazioagatik eta konfiantzagatik.




