Eregi SL enpresak gauzatu du proiektua, Orioko bidegorri-sarea osatzeko plangintzaren barruan. Bidegorri berriaren helburu nagusietako bat oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza egokia eta segurua bermatzea da, eremu laua eta Oria ibaiaren ertzetik igarotzen dena aproposa baita horretarako.
Lan honekin, urrats garrantzitsua eman da herriko ekialdeko ardatza osatzeko bidean, Ortzaikatik Kaiaraino doan ibilbidean. Etorkizunera begira, Anibarko Portua eta herrigunea lotzeko hurrengo lanak Dike eta Arozena eremuan izango dira.
Eremu horiek garatzen direnean, bidegorriaren hurrengo zatia ere egitea aurreikusten du Udalak. Helburua da, pixkanaka, herriko hainbat gune lotuko dituen bidegorri-sare jarraitua osatzea eta eguneroko joan-etorrietan oinezkoen zein bizikleten mugikortasun segurua eta erosoa sustatzea.




