Jerteko gerezien loraldiaren pareko ospea lortu nahian, Errezilgo Ibarbi sagarraren loraldia herriko paisaia zuriz janzteko prest dago. Azken urteetan landatutako sagarrondo berriek inguruko larreak eraldatu dituzte, baina aurten loraldi hau «atzerapenarekin dator, eta ez dakigu zehazki zergatik», adierazi du Iñaki Labaka ekoizleak. Normalean apirileko hirugarren astean izaten den arren, «zazpi-hamar egun barru izatea aurreikusten dugu», azaldu zien Iraurgi Berritzenek antolatutako bisita gidatura hurbildutakoei.
Ekimen honen helburua Ibarbi sagarraren loraldia gertutik ikustea zen, baita natura eta tokiko ondarea ezagutaraztea ere. Bisitariek Ibarbi Sagarraren ibilbidea osatu zuten, 3,5 kilometroko herri ibilbide bat. Bertan, sagarrondoetan hazten hasi diren lehen loreak ikusteko aukera izan zuten, eta Iñaki Labaka eta Luis Berrondo ekoizleek fruitu honen ezaugarriak eta mendeetan zehar herriko ekonomian izan duen garrantzia azaldu zizkieten.
“"Mahairako sagarra da, oso orekatua den fruitua, gazi-gozoa eta balioaniztuna, gordinik jateko balio duena, baina sukaldaritzan ere oso preziatua dena."
Gipuzkoan ekoizten diren sagar barietate ugarien artean, Ibarbi edo Errezil sagarra nabarmentzen da. Luis Berrondok gogoratu zuenez, «mahairako sagarra» da, «oso orekatua den fruitua, gazi-gozoa eta balioaniztuna, gordinik jateko balio duena, baina sukaldaritzan ere oso preziatua dena». Sagardorako ere erabiltzen da, eta herriko baserri askotan «gero eta kalitate hobeagokoa» egiten dela aitortu zuen.
Ibarbi Sagarra errezildarrek ekoizten duten fruiturik preziatuena da, eta hainbat ekoizlek balioan jartzea erabaki zuten. Horrela, 2015ean kultur elkarte gisa eratu ziren, genetikoki berreskuratu eta komertzializatzeko helburuarekin. Ikerketa bat egin zen herriko sagarrondo hoberenak identifikatzeko, eta ondoren sagasti berriak landatu ziren. Azken hamar urteetan, 5.000 sagarrondo berri landatu dira Errezilen. «16.000 sagarrondo inguru daude herrian, eta %65a Ibarbi sagarra da», gogoratu zuen Berrondok.
Proiektua kooperatiba bihurtu zen 2022an, zortzi lagunek osatua. Bildutako sagarrarekin zukua, purea, marmelada eta sagar-dultzea egiten dituzte, Ibarbia markarekin saltzen dutena. Bisita gidatuaren amaieran, bisitariek produktu horiek dastatzeko aukera izan zuten.




