Elgetako Gazte Asanbladak txosna jarriko du aurten ere gaztetxe ondoko lautadan. "Gaztetxea ez da zabalik egongo. Txosna eskatuta zegoen, eta erabaki dugu mantentzea", azaldu du Leire Belamendiak, Gazte Asanbladako kideak.
Ostegunean zabalduko dute txosna, 20:00etan, mozorro jaitsieraren ondoren. "Txupinazoa egingo dugu, hitz batzuk esanda, eta lehenengo egitekoa izango da mozorroen sariak banatzea", adierazi du Belamendiak. Bi sari izango dira aurten ere: mozorro onenaren saria eta mozorro txarrenarena.
Musika eskaintzari dagokionez, Manitu (Zestoa) eta Harrikada (Antzuola) taldeek joko dute ostegunean, eta Begibide erromeria taldeak (Ermua) ostiralean.
Ostiraleko egitaraua ere beteta dator. Gazteen bazkaria antolatu dute txosnagunean, eta txartelak 10 eurotan daude salgai Janelan. Bazkalostean, taldeka parte hartzeko tribiala egingo dute.
Gazte Asanbladak garrantzia ematen dio 20:00etarako iragarrita dagoen drag ikuskizunari. "Iaz bezala, ikuskizun ibiltaria izango da; kalejira formatuan egingo dute. Txosnagunean hasiko dugu eta hainbat lekutan ikusteko aukera izango da", azaldu du Asier Errarte elgetarrak.
Festak goizeko ordu txikiak arte iraungo dute. Larunbatean, 07:00etan, gaztetxeko lautadan urteroko argazkia ateratzeko hitzordua dute gaupasa-zaleek. "Eguraldi ona bada, jende asko elkartzen gara", esan du Belamendiak. Larunbateko herri bazkari osteko bingo saioa eta gaueko zumba saioa ere Gazte Asanbladaren esku egongo dira.
Egunotan antolatuko dituzte txosnako txandak; izena emateko zerrenda Haizea tabernan dago, eta boluntario guztiak ongietorriak dira. "Oso gogotsu gaude jaietarako. Aurten, gainera, gazteagoak gerturatu dira Gazte Asanbladara, eta motibazio bereziarekin arituko gara", esan du Belamendiak. Erasoen kontrako protokoloa ere indarrean izango da txosnagunean.




