Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak eta Zarauzko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute Zarauzko Irita eremuan 230 etxebizitza eta zuzkidura apartamentu eraikitzeko. Jaurlaritzak adierazi duenez, hau izango da gaur egun Gipuzkoan aurreikusita duten alokairu publikoko sustapenik handienetakoa.
Proiektu honek 130 babestutako etxebizitza eta ehun zuzkidura apartamentu barne hartuko ditu. Eraikuntza eta urbanizazio lanetarako 34,6 milioi euroko aurrekontua erabiliko da, eta 2030ean gauzatzea aurreikusten da. Zarauzko Udalak doan utziko dio Jaurlaritzari 4.356 metro koadroko lurzorua etxebizitzak egiteko eta beste 1.644 metro koadro ekipamendu komunitariorako.
Alokairurako diren 130 etxebizitzen erdiak 36 urtetik beherakoentzat izango dira. Gainera, urtean 20.000 eta 46.000 euro arteko diru sarrerak dituzten unitate familiarrentzat gordeko dira etxeen %30, merkatu librean zailtasunak dituztenei ere laguntzeko. "Etxebizitza horiek Zarauzko jendearentzat benetako aukera izatea nahi dugu, bereziki gazteentzat eta baita langile klase ertainentzat ere", adierazi du Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak.
Zuzkidura apartamentuak, berriz, bost urteko txandakako erregimenean erabiliko dira aldi baterako egoitza beharrei erantzuteko. Itxasok azpimarratu duenez, "baliabide malgua eta txandakakoa sortzeko aukera ematen dute".
Urbanizazio lanen barruan, bide sarea, espazio libreak eta bi noranzkoko zubi bat eraikiko dira Indamendi eta Maria Etxetxiki kaleak lotzeko. Lan horiek 2,5 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Denis Itxaso sailburuak bi erakundeen arteko lankidetza balioetsi du, eta hitzarmenak etxebizitzak "ahalik eta azkarren" egiteko aukera emango duela esan du. Udalek lurzorua doan lagatzeak "erantzun publikoa bizkortzeko" aukera ematen duela gaineratu du.
Azken hamar urteetan, Eusko Jaurlaritzak eta Zarauzko Udalak 198 etxebizitza publiko eraiki dituzte Zarautzen, tartean Aldapetan, Salberdinen, Azken Portu-Lanpardonen eta Iñurritzan.
2023ko urtarrilean onartu zen hirigintza plana aldatzea, eta 2024ko uztailean behin betiko onespena jaso zuen. Joan zen uztailean ere, lurrak lagatzeko hitzarmena onartu zuten udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko bozekin.




