Zarautz Abesbatzak kontzertua eskainiko du Frantzizkotarren elizan

Larunbatean izango da emanaldia, Jaione Eskuderoren zuzendaritzarekin eta hainbat musikari lagun dituztela.

Frantzizkotarren elizako barrualdea, Zarautz, non Zarautz Abesbatzak kontzertua emango duen.
IA

Frantzizkotarren elizako barrualdea, Zarautz, non Zarautz Abesbatzak kontzertua emango duen.

Zarautz Abesbatzak udako kontzertua eskainiko du datorren larunbatean, Frantzizkotarren elizan. Emanaldia Jaione Eskuderoren zuzendaritzapean izango da, eta hainbat musikari lagun izango dituzte.

Zarautz Abesbatzak iazko urte erdian 10 ekintzatan parte hartu du jada, eta urte amaierarako beste hamaika ekintza burutzeko asmoa dute. Herriko abesbatza izanik, edozein unetarako eta beharretarako kantu sorta prest izatea dute helburu nagusi.
Datorren larunbateko emanaldia modalitate ezberdinetako kantek osatuko dute, polifoniazko Euskal kantuak, sakroak, profanoak edota herri kantuak tartekatuz. Egile gehienak euskal konpositoreenak izango dira, hala nola, Juan Urteaga, Javier Busto, Luis Aramburu, Benito Lertxundi, Mikel Markez, Antton Valverde, En Tol Sarmiento eta Anje Duhalde. Horrez gain, bi eliz kanta atzerritarrenak ere joko dituzte: Georgy Bardósena eta Wolfgang Amadeus Mozartena.
Berezi izango da, baita ere, Xabier Lizardi olerkilari eta euskalzale zarauztarraren omenezko hiru kantu abestea, bere 130. urteurrena gogoan. Horien artean, Benito Lertxundiren 'Oi Lur', Mikel Markezen 'Mendigaña' eta Antton Valverderen 'Bihotzean Min Dut' izango dira, Lizardiren olerkietan inspiratutakoak.
Abestuko dituzten ia kanta guztiak Zarautz Abesbatzarako egokituak izan dira. Kontzertuan, Josean Paskual musikariak teklatuan lagunduko die, eta Igor Garzia eta Oihana Chico flauta jole zarauztarrek ere parte hartuko dute. Emanaldiaren zuzendaria, berriz, Jaione Eskudero izango da.
Jaione Eskuderok 30 urte bete ditu aurten Zarautz Abesbatzaren zuzendari modura, eta 40 urte Zarautz-Txikiren (gaur egun Zarazte) zuzendari gisa. Gainera, Aizpea Zubia, Eneritz Garmendia, Ainara Landa eta Goretti Igoa lau partaideek 40 urte daramatzate kantuan abesbatzan, bizitzako ia etapa guztiak Jaionerekin batera igaroz.