Orioko Udala bat egin du gaur, urriak 15, Haurdunaldiko, Jaiotza-inguruko eta Jaioberritako Doluaren Nazioarteko Egunarekin. Herritar baten eskariz eta egoera hau bizi izan duten guztiekin bat eginez, elkartasuna adierazteko eta ikusgarritasuna sustatzeko helburuz, bandera bat jarri da udaletxean.
Haurdunaldian, erditzean edo jaio eta gutxira haur bat galtzea esperientzia mingarria da familientzat. Askotan, isiltasunean eta behar besteko aitortzarik gabe bizi izaten den dolua da. Egun honen helburua da errealitate hori ikusaraztea, dolua bizi duten familiei aitortza eta babesa adieraztea eta gizartean gaiaren inguruko kontzientziazioa sustatzea.
Orioko Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie egoera hori bizi izan duten edo bizitzen ari diren herritar eta familia guztiei. Gainera, konpromisoa hartzen du datozen hilabeteetan gaia lantzeko eta datorren ikasturteari begira sentsibilizazio-ekimenak aztertzeko.




