Orioko EH Bildu udal gobernuak argibideak eman nahi izan ditu EAJ k frontoiari buruz egin dituen adierazpenen aurrean. EH Bilduren esanetan, EAJk 2007tik zuen frontoi zaharra eta bere ingurua "ordenamenduz kanpo", eta ez zuen "benetan heldu erronka horri", gatazka iturri izango zela jakin arren.
EH Bilduk azken zazpi urteetan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berriaren lanketari "seriotasunez" heldu diola gaineratu du, "Orioren etorkizuneko erronkei erantzungo dien herri proiektu integrala garatzeko helburuarekin". HAPOk behin betiko onarpena jaso duela eta indarrean sartzeko "azken izapide administratibo txiki bat baino ez" falta dela gogorarazi dute.
Udal gobernuarentzat, "arduragabekeria" zen HAPOren behin betiko onarpena jaso aurretik herri galdeketa sustatzea, "Palota eremuan frontoia egitea juridikoki eta urbanistikoki bermatuta ez" zegoelako. "Beste batzuek 'haizea saltzea' ohitura izan dezaketen arren, guk ez dugu horrela lan egiten", adierazi dute.
Baldintza guztiak ematen direnean, ekaineko lehen asteburuan herri galdeketa egingo da. EH Bildurentzat, eztabaida ez da soilik "non" eraiki behar den, "nolako frontoia" nahi den ere galdetzen ari dira. Horren erakusgarri, aurkeztutako bi aurreproiektuak jarri dituzte: bata Palotan, "herriguneari lotutako plaza izaera eta kultur eskaintza indartzea" planteatzen duena; eta bestea Abaromendin, "kirol azpiegituren sarea osatu eta indartzea" helburu duena.
Aurkeztutako proposamenak "aurreproiektuak" direla azpimarratu dute, eta "behin betiko diseinua herriko eragile, elkarte eta herritarrekin elkarlanean" definituko dela. Parte hartze prozesu horretan zehaztuko dituzte "ekipamenduaren azken ezaugarriak, erabilerak eta barne antolaketa".
Martxan jarriko den prozesuak "gardentasun eta berme guztiak" izango dituela jakinarazi dute, bozketa publikoa identifikazioarekin eta emaitzen zenbaketa jendaurrean eginez. "Nahiz eta legez loteslea ez izan, udal alderdiok konpromiso politikoa hartu dugu herritarren hitza errespetatzeko eta emaitzak oinarri hartuta behin betiko erabakia hartzeko".
Udal gobernuarentzat, "une historikoa" izango da ekaineko lehen asteburua, "herriak zuzenean izango baitu aukera Oriorentzat hain garrantzitsua eta estrategikoa den gai baten inguruan iritzia emateko". "Herritarren beharrak ez dira bulego batean asmatu", gaineratu dute, "HAPOaren diseinua lantzen ari ginen bitartean, paraleloan egin diren parte hartze prozesuetatik jaso dira ekarpenak eta beharrak".
EH Bildurentzat "harrigarria eta kezkagarria" da "batzuek prozesu hau alderdikerian zikintzen saiatzea", "herriaren etorkizunari buruzko eztabaida eraikitzailea sustatu beharrean, hauteskunde giroko polemika elikatzea" leporatuz EAJri. "Horrek argi erakusten du batzuentzat herriaren interes orokorra bigarren mailan geratzen dela interes alderdikoien aurrean".
Hauteskundeetarako urtebete baino gutxiago falta dela gogorarazi dute, eta egoera horren aurrean, "zalaparta eta polemika artifiziala sortzeko saiakera tamalez ohikoa" bihurtzen ari dela salatu dute. "Guk, ordea, argi dugu zein den bidea: herritarrengan konfiantza izatea, erabakiak gardentasunez hartzea eta Orioren etorkizuna elkarlanean eraikitzea".




