Azkenaldian sexu eta genero disidenteen aurkako oldarraldia "gero eta bortitzagoa" dela adierazi dute, eta faxismoaren eta diskurtso erreakzionarioen gorakadarekin batera, eskubideak negoziagarri bihurtzen ari direla salatu dute. Trans pertsonen existentzia etengabeko eztabaida publiko bilakatu dela eta gorputzak kontrolatzeko politikak normalizatzen ari direla gaineratu dute.
Euskal Herria eta, zehazki, Zumaia, errealitate horretatik kanpo ez dagoela nabarmendu dute. Enor rek salatu ditu Zumaia n izandako indarkeria gertakariak, hala nola irainak, mehatxuak eta jipoiak, eta horiek "sistema berdinaren adierazpenak" direla azpimarratu dute, askotan gertakari isolatu gisa aurkeztu nahi izan arren.
Adierazi dutenez, indarkeria hori ez da pertsona jakin batzuen gorroto hutsa, "egiturazko indarkeria baizik", non Zisheteroarauak heterosexualitatea eta zisgenerotasuna bizitzeko modu "normal", "natural" eta desiragarri bakar bezala ezartzen dituen, eta arau horretatik kanpo geratzen diren gorputz eta identitate guztiak baztertu, zigortu edo ikusezin bihurtzen dituen.
Horren aurrean, "ardura" eskatu dute, LGTBIQ+ fobia ez baita hutsetik sortzen, baizik eta Zisheteroarauak sortu, elikatu eta sostengatzen duela azalduz.
Amaitzeko, gaurko elkarretaratzea ez dela soilik indarkeria salatzeko izan gogorarazi dute. "Hemen gaude elkar aitortzeko, sareak ehuntzeko eta gure bizitzak defendatzen jarraituko dugula aldarrikatzeko ere". Historikoki isilarazi, patologizatu eta baztertu nahi izan arren, "elkar zaintzen, espazioak sortzen eta disidentziatik bestelako munduak eraikitzen" jarraituko dutela adierazi dute.




