Peña Elorza txirrindulari elkarteak zazpigarrenez antolatu du ekitaldi hau, eta aurten ere hainbat haur eta gaztetxok hartu dute parte. Lasterketak Trenbidearen Zumardiaren eta Juin industrialdearen arteko zirkuituan jokatu dira, 16:30ean hasita.
Benjamin, kimu eta haurren mailetako txirrindulariak aritu dira lehian. Benjamin mailakoek bi itzuli eman dizkiote 900 metro inguruko zirkuituari, kimuek sei eta haurrek hamabi. Herritar ugari bildu da zirkuituaren ingurura, gaztetxoen ahalegina txalotzera.
Kimuen eta haurren mailetan osatu dira podiumak, Benjamin mailan sailkapenik egin ez denez.
Kimuen mailan, Julen Zinkunegi (Peña Elorza) izan da garaile mutilen artean, Eñaut Lizarralde eta Iker Barrueta sailkatu dira ondoren. Nesketan, Kattalin Urzelai nagusitu da, eta Maddi Agirretxe izan da bigarren.
Haurren mailan, berriz, Xabat Aizpuru (Peña Elorza) izan da azkarrena mutilen artean, Julen Osa (talde berekoa) bigarren eta Xabat Aiastui hirugarren. Nesketan, Nahikari Oriak (Peña Elorza) irabazi du proba, June Iraolagoitiak eta Elene Uriartek (Peña Elorza) osatu dute podiuma.




