Urtero bezala, Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) Sokamuturra lehiaketaren sari banaketarekin inauguratu du karnabaletako zezenaren inguruan antolatzen duen argazki erakusketa. Aurtengoa Imanol Elias en eskutik sortu eta haren izena daraman sariketaren 45. edizioa da.
Ander Uria izan da aurtengo Sokamuturra lehiaketako irabazlea, El ruido en silencio izeneko lanarekin. Bigarren aldiz lortu du lehen saria Uriak, 2023an ere bera izan baitzen garaile. Bigarren saria Iñigo Olarterentzat izan da, Zain naukazu argazkiari esker, eta Alberto Beloki hirugarren sailkatu da, Zezenaren aurrean lanarekin. Bosgarren postuari dagokion saria Iñaki Etxenagusiarentzat izan da, Pase bikoitza argazkiagatik, eta azken saria, Josu Altzelairentzat, Sokamuturra 5 irudiarekin.
Guztira hogei argazkilarik aurkeztu dituzte beren lanak aurtengo lehiaketara, eta 140 argazki ikus daitezke gaur inauguratu den erakusketan. Horietatik ehun karnabaletako sokamuturraren irteeretan ateratako zuri-beltzeko irudiak dira, eta gainerako 40ak inaute giroa jasotzen duten koloretako argazkiak. AAE k Iñaki Joaristi Altzarte ren izena daraman sari bakarra banatu du koloretako sailean, eta Adiel Zabalak jaso du, Ate handitik argazkiari esker.
Sariak AAE ko kideek, Mikel Odriozola zinegotziak, Imanol Elias en alargun Itziar Oiarzabalek eta Iñaki Joaristi ren alargun Miren Madrazok banatu dituzte gaur eguerdian Betharramen. Erakusketa hilaren 26ra arte egongo da zabalik, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara.




