Azpeitiako udalak eta Altxa Buru elkarteak elkarlanean aritu dira azkenaldian, haur eta nerabeen eguneroko bizitzan telefono mugikorrek, sare sozialek eta beste pantaila batzuek duten eragina murrizteko. Ikerketek erakusten dutenez, eragin hori gero eta handiagoa da, eta egoerak guztion arreta eta inplikazioa eskatzen duela uste dute.
Lehen urrats gisa, Altxa Buruak bilerak egin ditu udal ordezkariekin eta herriko kirol klubetako kideekin. Bilera horietan, ikerketetan oinarrituta, telefonoen eta sare sozialen erabilerak sortzen dituen kalteak aztertu dituzte, eta gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratu dute arazo horiei erantzuteko.
Kirol taldeei zuzendutako dekalogo bat prestatu du Altxa Buruak, neurri zehatzak jasotzen dituena. Dekalogo hori betetzeko konpromisoa eskatu zaie klubei. Horrez gain, Osakidetzako Osasun Eskolaren gomendioen laburpen-dokumentu bat eman zaie. Orain, dekalogoa, gomendioen laburpena eta ekimenaren nondik norakoak azaltzen dituen gutuna bidaliko diete kirol taldeek 16 urtetik beherako haur eta nerabeen gurasoei. Era berean, entrenatzaileei arautegi berriaren berri emango diete.
Lanketa zabalagoa ere egingo du Altxa Buruak, udalarekin batera. Helburua da mugikorrik gabeko gune publikoak sustatzea. Horretarako, mugikorrik ez erabiltzeko gonbidapena egiten duten kartel eta panelak jarriko dituzte, besteak beste, haur parkeetan eta kirol instalazioetako harmailetan. Osasun arloan, anbulatorioko osasun erizainarekin lanean jarraituko du elkarteak, pantailen erabilerak eragin ditzakeen ondorioez eta osasun arazoez hitz egiteko.
“"Osasuna, Kirola, Udala... Denok norabide berean aritzea da helburua, denon artean haur eta nerabeen ongizatea babestu ahal izateko."




