Eskola Agenda 2030 programan parte hartu duten Xabier Munibe ikastolako, Floreaga ikastetxeko eta Azkoitia BHIko ikasleek egindako lanaren emaitzak ezagutzera eman dituzte gaur. Guztira, LH eta DBHko 1.200 ikaslek hartu dute parte proiektuan, eta bi esku-hartze plan nagusi landu dituzte: "Eskolara Oinez" eta "Azkoiti Bizikletaz".
Lehenengo egitasmoan, ikasleek eskolara oinez joatearen aldeko apustua egin dute, herrian autoen presentzia eta eskola inguruetako arriskuak nabarmenduz. Etxetik eskolara egiteko bide egokienak zehaztu dituzte, eta gurasoen laguntza ere bilatuko dute segurtasuna bermatzeko. "Eskolara Oinez" probaldi egunak ekainaren 8an, 9an eta 10ean izango dira.
Bigarren proiektuak, "Azkoiti Bizikletaz", bizikletaz herrian ibiltzeko arazoak eta puntu kritikoak identifikatu ditu. DBHko ikasleek iazko bidegorriaren azterketan antzemandako gabeziei aurre egiteko arauak proposatu dituzte, baita puntu kritikoak konpontzeko irtenbideak ere.
“"Azaldutako puntu askorekin bat egiten dugu, eta saiatuko gara dagozkigun konpromisoei heltzen eta betetzen."
Ana Azkoitia alkateak ikasleen "lan sakona" goraipatu du eta zoriondu egin ditu. Udaletxean proposatutako guztia aztertuko dutela eta ingurumenaren eta udalerriaren alde lanean jarraitzeko deia egin die. "Azaldutako puntu askorekin bat egiten dugu, eta saiatuko gara dagozkigun konpromisoei heltzen eta betetzen", adierazi du alkateak.




