Azkoitiak Palestinari abestu dio eta Israelen politika salatu du

Nakba egunaren harira, elkartasun kontzertua eta mobilizazioa egin dira Portaleburun, Israelen "bihotz gabeko gerra politika sionista eta genozida" salatuz.

Palestinaren aldeko elkartasun ekitaldi baten irudia.
IA

Palestinaren aldeko elkartasun ekitaldi baten irudia.

Atzo Israelgo Estatuaren independentziaren 78. urteurrena bete zen, eta Palestinan Nakba eguna ospatu da gaur, ehunka mila palestinar beren bizitokietatik kanporatu zituztenetik urte asko igaro direla gogoratuz.

Azkoitia k elkartasun keinua egin dio Palestinari, Israelgo Estatuari bizkarra ematearekin batera. Palestinaren Aldeko Astearen barruan, hainbat herritarrek ekintza ugari antolatu dituzte egunotan. Gaur arratsaldean, Anari k kontzertu akustiko bat eskaini du Portaleburun, eta dozenaka lagun elkartu dira astelehenetik zabalik dagoen Gernika-Palestina erakusketako panel eta irudien artean.
Kontzertuaren aurretik egitekoa zen elkarretaratzea egin da azkenean, eta bertan herritar ugarik bat egin dute mobilizazioarekin. Israeli oihu egin diote palestinar herriaren borroka "justizia unibertsalen" aldekoa dela eta "genozidio ororen" aurkakoa, "giza eta herrien eskubideen" aldekoa dela sinetsita. Palestinarrek duten "eskubide legitimoekin" bat eginez, irmo adierazi dute "behar beste" salatuko dutela Israelen "bihotz gabeko gerra politika sionista eta genozida", baita harekin bat egiten dutenen konplizitatea ere. Palestinaren aitortza eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste irtenbiderik ez dutela onartuko azpimarratu dute.
Gogora ekarri dute duela ia zortzi hamarkada 700.000 palestinar baino gehiago beren etxeetatik eta lurretatik egotzi zituela Israelgo Estatuak, eta gaur egun, haien ondorengoek egoera berean jarraitzen dutela, "sionisten okupazioari, dronei, bonbei eta erasoei ihesi". Azken urteetan Israelen Gazan zein Zisjordanian egiten ari den genozidioa "berbera" dela salatu dute, nahiz eta errepresioa "sotilagoa" izan den azken honetan. "Israelgo Estatuaren sorrerarekin hasi zenaren jarraipena besterik ez da", ohartarazi dute.
Antolatzaileen ustez, Israelek azken hilabeteetan "ingurune osora" zabaldu du erasoaldia AEBen "babes militar eta diplomatikoarekin", eta gaur egun "gerra hotsak" daude Iranen zein Libanon. "Inperialismo hotsak nagusi Ekialde Hurbilean", adierazi dute, helburuak argi utziz: "baliabide ekonomikoen ustiapena, merkatu berriak kontrolatzea eta botere politiko eta militarra handitzea". "Gutxi batzuen interesagatik herri osoa sarraskituta" dagoela salatu dute.
Nazioartean Palestinaren alde borrokan ari direnekin gogoratuta, antolatzaileek adierazi dute norbanakoen esku ere badagoela "sarraskia" gelditzea. Hegoafrikako apartheidaren aurkako boikot kanpaina jarri dute adibidetzat, eta bide horretan, Israeli ere boikota egitera dei egin diete herritarrei. "Boikota Israelgo produktuei, enpresei, erakundeei, harreman diplomatikoei, kultur eragileei, abeslariei, idazleei, kirolariei… Ikus dezatela ez dugula onartzen egiten ari diren sarraskia".