Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioa izango da larunbatean, uztailaren 18an. Guztira 75 bikotek eman dute izena, eta Gipuzkoako errepideetan barrena gauzatuko den hitzorduan parte hartuko dute. Rallya Maykel del Ciden omenezkoa izango da. Autoen egiaztapenak 09:00etatik aurrera egingo dira epaitegiaren aurreko plazan, eta 25 urtetik gorako ibilgailuek osatuko dute 230 kilometroko ibilbidea.
Autoak 11:00etan aterako dira plazatik banan-banan, eta hainbat herri zeharkatuko dituzte: Bidania-Goiatz, Orendain, Mandubia, Gabiria, Mutiloa, Abaltzisketa, Aia, Zarautz, Meaga eta Azpeitia. Ibilbidean zehar, hiru geldialdi egingo dituzte: 12:00etan, Beasaingo Salbatore jatetxean hogei minutuz atseden hartzeko; 14:00etan, Legazpiko Aitxuri jatetxean bazkaritarako; eta arratsaldean, Zarauzko Malekoian, Damaren inguruan.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen partaideak 20:00 aldean iritsiko dira Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazara, eta 21:00etan egingo da sari banaketa ekitaldia. Ondoren, Lau Bide jatetxean egingo dute afaria.
Gipuzkoarrak izango dira parte hartzaile gehienak, baina Arabako, Bizkaiko eta Asturiasko txoferrak ere izango dira. Rallyan parte hartuko duten auto zaharrenen artean, 1970eko Joxean Aranetaren Porsche 911T, Jagoba Agirreren Renault Alpine A110, Josu Aranetaren 1972ko Porsche 911a eta Alberto Lasaren 1973ko Peugeot 304S aipatu dituzte.
Rally hau trafikoarentzat zabalik diren errepideetan egiten da, eta horrek ustekabeak sor ditzake. Antolatzaileek ikusleei eskatu diete ahal den neurrian bidea errazteko. Denborak anubesport.com webgunean jarraitu ahal izango dira.




