Azpeitia k bat egin du UEMA k sustatutako "Esnatu" dinamika rekin, euskararen etorkizuna bermatzeko eta hizkuntzaren arnasguneak indartzeko helburuarekin. Ekimenaren nondik norakoak azalduko dituzte azaroaren 18an, Azoka Plazako aretoan. Ale Goikoetxea UEMAko teknikariak gidatuko du saioa.
Siadeco ikerketa taldeak egindako "Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036. Proiekzio demolinguistikoa" ikerketak ohartarazi du egungo joerek jarraituz gero, euskararen lurgune euskaldunena nabarmen ahulduko dela eta hamar urte barru arnasguneak ia desagertzeko arriskua dagoela. Horren aurrean, Azpeitia bezalako herriak ezinbestekoak dira euskarak arnasa hartzen jarrai dezan, erabilera natural eta bizia bermatzen duten eremuak baitira.
Azken hamarkadetan egindako lanak ez du nahikoa izan egungo erronkei aurre egiteko. Bilakaera demografikoak, teknologia berriek, munduko aldaketek eta bizi ohitura berriek eragina dute euskararen egoeran. Horri erantzuteko sortu da "Esnatu" dinamika, udalerri euskaldunen indarra eta ardura uztartuz, lurgune euskaldunena euskararen indarberritzerako ardatz estrategiko gisa sendotzeko.
Dinamikarekin bat egin duten 18 eragileek beren konpromisoak azaldu dituzte. Herritarrek ere badute zeresana eta zeregina egoera iraultzeko. Azpeitiko hitzordua aukera bat izango da herriak euskararen etorkizunean duen garrantziaz jabetzeko, egoera ezagutzeko eta bakoitzak egin dezakeen ekarpenaz hausnartzeko.
Azaroaren 18ko saioan, hiru gai landuko dira: Euskal Herriko eta Azpeitiko egoera soziologikoaren diagnostiko laburra, UEMAren Lurralde Estrategiaren aurkezpena, eta Azpeitiko eragileek udalerri euskaldunei eusteko egin dezaketena. Hitzaldiaren ostean mokadutxoa egongo da Azoka Plazan.




