Taldearen arabera, azken hamarkadan Uribe Kosta eskualdeak izan duen hazkunde demografikoak, Urduliz eta Gorlizko ospitaleak bezalako azpiegitura garrantzitsuen garapenak eta biztanleen lanerako mugimenduen areagotzeak ez dute islatu garraio publikoaren eskaintzan hobekuntzarik. Egoera horren aurrean, metroaren zein autobus zerbitzuen gabeziak nabarmendu dituzte.
Azken asteetan, talde ekologistak sinadurak biltzen aritu da hainbat udalerritan, hala nola Berangon, Larrabasterran, Sopelan, Urdulizen eta Plentzian, baita Gorlizko ospitalean ere. Kanpainak datozen asteetan jarraituko du, aldarrikapenak eskualde osora zabaltzeko asmoz.
“"Egungo egoerak herri eta auzo asko ia inkomunikatuta uzten ditu garraio publikoaren bidez, eta horrek eragin zuzena du eguneroko mugikortasunean eta bizi-kalitatean."
Taldeak hiru neurri zehatz proposatu ditu egoera iraultzeko. Batetik, metroaren maiztasuna handitzea eskatzen dute, bereziki Plentziarainoko tartean, sareko baxuena baita. Horretarako, Urdulizeraino hobekuntza teknikoak egiteko aukera badagoela diote, inbertsio handirik egin gabe.
Bestetik, autobus zerbitzuen ordutegiak luzatzea eta gaueko lineak berreskuratzea aldarrikatzen dute. Gogorarazi dute COVID-19aren aurretik bazegoela gaueko zerbitzua, baina arrazoirik gabe desagertu zela, eta horrek kalte egiten diela lanaldi berezietan ari diren herritarrei. Azkenik, Bizkaibusen eskaintza handitzea proposatzen dute, bai lineen kopuruan, bai maiztasunean. Gaur egun eskualdea lotzen duten bi linea baino ez daudela salatu dute, eta horiek ere maiztasun txikikoak direla. Horrez gain, metroa iristen ez den herrietarako anezka zerbitzuak sortzea ere mahaigaineratu dute.




