Berangoko auzipetuek, lau urteko prozesu judizial luze baten ostean, datozen ekainaren 8tik 26ra bitartean izango den epaiketari aurre egiteko herritarren eta eragileen babesa azpimarratu dute. "Epaiketari aurre egiteko indarrez betetzen gaitu jendearen eta eragile desberdinen babesak", adierazi dute, bai prentsaurrekoetan, bai Euskal Herri osotik egindako hitzaldietan eta Urdulizko Elkartasun Eguna bezalako ekimenetan jasotako sostenguari erreferentzia eginez. Jendeak "herri zapaldua garen heinean, danon kontrako eraso bat" dela ikusi duela nabarmendu dute.
Epaiketa ekainaren 8, 15, 18, 24, 25 eta 26an izango da, San Fernandoko egoitzan zein Genova kaleko egoitzan. Egunak antolatuta daude epailearen, Fernando Andreu ren, aurreikuspenen arabera, polizien deklarazioak, txostenak, frogak, auzipetuen deklarazioak eta ondorioak jasoz.
Auzipetuek argi ikusten dute auzi honen atzean "oinarrizko eskubideen kontrako eraso bat" dagoela, eta helburu errepresiboa duela. VOX alderdiak eta beste erakunde ultraeskuindar batzuek ongi-etorriak debekatzeko egindako saiakerak aipatu dituzte, baita poliziaren txostenetan jasotako militante politikoen kontrako jazarpena ere. Helburua "zigorren mehatxuaren bitartez beldurra zabaltzea" dela adierazi dute, "estatu espainiarrak zein frantsesak Euskal Herriarekiko darabilten asimilazio-prozesua burutu ahal izateko lanabesa" gisa.
Maiatzaren 30erako manifestazioa deitu dute Berangon "Eskubide zibil eta politikoen defentsan! ….Amnistia osoa!" lelopean. Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionala dela eraso errepresiboen erroan adierazi dute, eta amnistia aldarrikatzen dute, "errepresaliatuen etxeratzeaz gain, espainiar eta frantziar estatuen zapalkuntza gainditzerakoan soilik lortuko dugulako eskubide zibil eta politikoak bermatuta izatea".
Eskualdeko zein Euskal Herri osoko babesak "zein errotuta dagoen oinarrizko eskubideen defentsa eta zapalkuntza ororen kontra altxatzeko eskubidearen zilegitasuna" erakusten duela adierazi dute. "Ez dira 16, herri bat gara!" leloa gogora ekarriz, "herriaren erantzuna auzi hau irabazteko berme bakarra" dela ikusten dute.
Manifestazioaz gain, sare sozialetan ere aktibo dira, eta iaz Berangokoekin Elkartasun Komitea sortu zuten sostengua emateko eta auzia gizarteratzeko. Kontu korronte bat ere zabaldu dute gastu juridikoei aurre egiteko. Nazioartean ere salaketak egin dira, eta 30 bat hitzaldi eta komunikabide elkarrizketak burutu dituzte. Datorren maiatzaren 23an auto-karabana bat antolatu da Plentziatik eta Erandiotik Berangora joateko, eta maiatzaren 30ean manifestazio nazionala Algortako Telletxetik abiatuko da.




