Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Sopelako EAJren egoitzetan agertu dira gaur goizean pintaketak. Bizkai Buru Batzarrak (BBB) gertatutakoa gaitzetsi du, eta salatu du ekintza horiek ez dutela laguntzen "sentsibilitate politiko desberdineko bizilagunen arteko bizikidetzan eta harremanen normalizazioan".
Eguzkia ateratzearekin batera aurkitu dituzte pintadak, eta bertan irakur daitezke, besteak beste, "Berangokoak aske", "amnistia" eta "maiatzak 30 manifestazioa" gisako leloak.
BBBren esanetan, halako bandalismo ekintzek "gure herriak merezi duen balio demokratikoen eta errespetuzkoen aurrerapena oztopatu" besterik ez dute egiten. Horren aurrean, alderdi jeltzaleak errespetua eta elkarbizitza izan ditu hizpide, eta gertatutakoa salatu du, bide demokratikoak lehenetsiz.




