Bizkaiko Buru Batzarrak jakinarazi duenez, Abaroak ibilbide luzea du udal-munduan eta esperientzia handia du Lemoizko Udalean azken urteetan egindako lanari esker. Hautagai jeltzalea 12 urtez izan da zinegotzi, Unai Andraka eta Iñaki Alonso alkateekin batera, eta legegintzaldi honetan oposiziotik jarraitu du herritarren beharrei erantzuten dien proiektu bat defendatzen.
Abaroak azpimarratu du Lemoiz osatzen duten hainbat txoko eta eremu, hala nola Andraka, Armintza eta Urizar, baina baita Berreaga eta Orabille ere. "Gertuko Udal batean sinesten dugu", adierazi du, "udalerriko auzo eta eremu guztiak berdin entzun eta guztien alde berdin lan egingo duen Udala nahi dugu."




