Aurtengoa hamargarren edizioa da, eta parte-hartzaileen kopuruak behera egin du aurreko urteekin alderatuta. 233 pilotarik eman dute izena, 2025ean 257 izan zirelarik, eta 2024an 300 inguru. Antolakuntzako koordinatzaile batek adierazi du jaitsieraren arrazoietako bat haur gutxiago egotea dela, baita familien ohiturak aldatu izana ere.
“"Pilota ez da taldekako kirol bat, eta partidetara joateko banaka mugitzen dira. Gaur egun bi gurasoek lan egin ohi dute etxetik kanpo, eta denbora libre gutxiago izaten da. Nahiago izan ohi da haurrek taldekako kiroletan parte hartzea, horrela partidetara joateko desplazamenduak erraztu egiten dira, taldeka egiten baitira."
Gainera, frontoietan aritzeko ohiturak ere aldatzen ari direla ikusi da. Lehen haurrek ordu gehiago ematen zituzten frontoietan, batez ere herri txikietan, gurasoekin batera. Orain, ordea, entrenamenduetan bakarrik aritzen dira, eskolaz kanpoko jarduera gehiago daudelako.
Aurtengo topaketan iazko mailak mantenduko dira. Eskuz, benjamin A eta B mailak, alebinak eta infantilak lehiatuko dira, eta benjamin eta alebin nesken mailari ere eutsiko zaio. Palaz, alebinek eta infantilek elkarren aurka jokatuko dute, iazko benjamin mailako parte-hartzaile faltan. Hirugarren urtez, neskek eskuzko modalitatean jokatuko dute elkarren artean, 2024an martxan jarritako aukera horri jarraituz. Zazpi bikote ariko dira Alkizan.
Finalak Anoetako Alkartasuna pilotalekuan jokatuko dira, lehen aldiz. Iaz igandez izan ziren finalak, baina aurten larunbateko ohitura berreskuratuko da ekainaren 27an. Partidak eskualdeko hainbat herritan jokatuko dira: infantilak Amezketan eta Albizturren; alebinak Berastegin, Bidanian eta Zizurkilen; benjamin A mailakoak Alkizan, Larraulen, Tolosan eta Berrobin; benjamin B mailakoak Amasan eta Anoetan; eskuz neskak Alkizan, eta palaz Adunan. Guztira, hamahiru pilotalekutan zabalduko da topaketaren jarduna.
Antolakuntzan eskualdeko pilota elkarte eta eskola guztiek parte hartzen dute, eta hori ezinbestekoa da ekitaldia aurrera ateratzeko. Elkarteek eta eskolek izen-emateetan laguntzen dute eta partidak beren herrietan antolatzeaz arduratzen dira. Parte hartzen duten elkarteen artean daude Aurrera Tolosa, Behar Zana, Intxurre, Kuku, Otsabio, Txulobi eta Zazpi Itturri, baita hainbat herritako pilota eskolak ere.
Parte-hartzaile kopuruaren jaitsiera ikusita, Ataria Pilota Topaketak are garrantzi handiagoa hartzen du harrobiaren lanketan. Pilota elkarteek eta eskolek lan handia egiten dute haurrei pilota erakusteko, eta topaketa honek eskualdeko beste pilotariak ezagutzeko aukera ematen du. Antolatzaileek azpimarratu dute pilota euskal kirola dela, eta pilotalekuetan pilotaren hotsa entzuten jarraitzeko lanean jarraitu behar dela.




