Apirilaren hasieran, TOPAk bilera eskatu zion Mari Luz Jauregi Tolosaldeko ESIko kudeatzaileari, ospitale berriari buruz zituzten zalantzak argitzeko. Plataformak kezka agertu zuen eskualdeko osasun-arretaren etorkizunarekin eta Asuncion Klinikarekin dagoen hitzarmenaren inguruan. Hasiera batean, ideia horiek guztiak biltzen zituen idatzi bat bidali zioten Jauregiri.
TOPAko kideak ez daude «batere gogobete» kudeatzailearen erantzunarekin. Jauregik adierazi du ez duela eskumenik ez ospitale berriaren kudeaketan, ezta Asuncion Klinikaren kudeaketan ere, eta, ondorioz, ez duela beharrezko ikusten bilera egitea. Plataformak salatu du «gardentasuna eta informazioa falta» dela, eta «berriro ere entzun gabe geratu dira herritarren kezkak».
TOPAk ulertzen du, neurri batean, ospitale berriari dagokionez eskumen handirik ez edukitzea, baina ez du onartzen Asuncion Klinikari buruzko gaietan eskumenik ez izatea. Plataformaren arabera, ESIko zuzendaritzak ebaluatu behar du klinika pribatuak osasun-arretaren estandar publikoak betetzen dituen, eta Tolosaldeko ESIko kudeatzailea da eskualdeko kudeaketa integratuaren arduradun nagusia. Hark ikuskatu behar du sinatutako osasun-hitzarmena betetzen dela eta zerbitzuak behar bezala koordinatzen direla lehen arretako osasun zentroekin.
Gainera, TOPAk zerbitzuak eta mediku-pertsonala antolatu eta ikuskatzeko ardura nabarmendu du. Horri lotuta, Tolosaldean «informazio- eta gardentasun-falta erabatekoa» dagoela adierazi dute. Adibide gisa, lehen klinikaren webgunean ikus zitekeen medikuen espezialitateen informazioa desagertu egin dela eta oraindik erretiratuta dauden edo beste leku batera joandako medikuak agertzen direla aipatu dute. Informazio-hutsune horrek kezka sortzen die herritarrei.
Plataformak salatu du balizko ospitale berria ireki bitartean igaroko den «sei urteko edo gehiagoko trantsizio horretan jasan beharko dugun babes falta». Gogorarazi dute Tolosaldea dela erreferentziako ospitale gisa klinika pribatu bat duen EAEko eskualde bakarra. TOPAk uste du zentro berriarekin «publifikazioan» irabaziko dela, baina ohartarazi du eskualdea «berriro ere ezkutuko murrizketa sanitarioak egiteko esperimentu gune» izango dela, eta ez dutela «ospitale osatu bat» izango, baizik eta «adreilu gehiago eta baliabide gutxiago».
TOPAk ez du onartzen Eusko Jaurlaritzak inposatutako eredu hori eta arduradunei dei egiten die herritarrei azal diezaiegun zer abantaila dituen eraiki behar duten zentroak, gainerako eskualdeek duten ospitale publikoarekin alderatuta.




