Donostian jokatzekoa zen X. Fabrika Bandera bertan behera utzi behar izan zuten larunbatean, itsasoaren egoera txarra zela eta. TKE Ligako batzorde teknikoak eta klubetako ordezkariek lehiaketa ez egitea erabaki zuten, segurtasun arrazoiengatik, ontziak kontrolatzea ezinezkoa zelako.
Igandean, ordea, Getxoko Estropaden XVIII. Ikurriña jokatu ahal izan zen. Bertan, Tolosaldea bigarren postuan sailkatu zen, Arraun Lagunak taldearen atzetik. Donostiarrek hamahiru segundoko aldea atera zioten Zerkausia ontziari.
Datorren larunbatean, Santurtzin jokatuko da XV. Euskotren Bandera, hiru luzeko estropada berezia izango dena. Igandean, berriz, Lekeition izango da hitzordua, I. Ulysses Data For Science Bandera lehiaketarekin.




