Tolosa&Co Fashion Show-ak tokiko moda eta merkataritza sustatuko ditu Trianguloa plazan

Maiatzaren 29an egingo den desfileak herriko 28 dendatako udaberri-uda bildumak erakutsiko ditu.

Irudi generikoa: Tolosako plaza batean moda desfile bat.
IA

Irudi generikoa: Tolosako plaza batean moda desfile bat.

Datorren ostiralean, Tolosako Trianguloa plaza modaren erakustoki bihurtuko da hirugarrenez, Tolosa&Co Fashion Show desfilearekin.

Tolosako Trianguloa plaza modaren eta joera berrien erakustoki nagusi izango da datorren ostiralean, maiatzaren 29an, 19:00etatik aurrera. Tolosa&Co merkatarien elkarteak antolatuta, Tolosa&Co Fashion Show desfilearen edizio berri bat ospatuko da, «herriko saltokien eta tokiko merkataritzaren talentua, aniztasuna eta potentziala balioan jartzeko asmoz».
Nerea Alias aurkezleak gidatuko du ekitaldia, eta Alai DJak jarriko dio musika desfileari. Pasarelan, Tolosaldeko eta inguruko 46 modelo arituko dira, bertako 28 dendatako udaberri-uda denboraldiko jantzi eta osagarri esanguratsuenak erakusten.
Desfilearen erdian, Izaro Urrestarazu eta Sua Enparantza dantzariek osatutako Suaro taldearen eskutik dantza emanaldi berezi bat izango da ikusgai.
Tolosa&Co-k erosketak errazteko aukerak eskainiko ditu. Gogoko zerbitzuaren bidez, WhatsApp-ez (688 750 783) edozein produktu erosi eta etxean jasotzeko aukera egongo da. Ekitaldia doakoa eta irekia da, eta antolatzaileek herritar guztiak gonbidatzen dituzte modaz gozatzera eta tokiko ekonomia babestera.