Joxepa Madariaga kultur eragileak Euskal Herriaren independentziaren eta euskararen erabileraren garrantzia azpimarratu du. Bere iritziz, herrialde independente batean, euskara eguneroko bizitzako esparru guztietan erabiliko litzateke, estres linguistkorik gabe. Gaur egun, ordea, Espainiaren eta Frantziaren menpe bizi garela adierazi du, eta independentzia lortzeko borrokan jarraitu beharra dagoela gogorarazi du.
Madariagak bake bila datozen etorkinak ongietorriak direla adierazi du, baina gure herri zapalduaren egoera eta euskaraz bizitzeko dugun nahia ulertarazteko beharra ere nabarmendu du. Elkarbizitza errespetuzkoa izan behar dela gaineratu du.
Horren harira, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskalzaleen Martxa ekainaren 13an Iruñean izango dela gogorarazi du. Euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren eskubideak eskatzeko deia luzatu die herritarrei. Hala ere, benetako martxa egunerokoa dela azpimarratu du: euskaldunok euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu, ikasi, hizkuntza eskubideak defendatu, eta gizartean eta politikan euskarari lehentasuna eman.
Antolakuntzaren garrantzia ere azpimarratu du Madariagak, lagunartean, sare sozialetan, ikastetxe eta lantokietan, eta euskara elkarteetan. Lazkaotik autobusa antolatu dela jakinarazi du, eta goierritarrek beteko duten autobus bakarra ez izatea espero du.




