San Joan jaiak hasi aurretik, Tolosak hainbat kirol lehiaketa hartuko ditu asteburu honetan, bereziki gaztetxoentzat zuzenduak. Goizean zehar, igeriketa, eskubaloia, futbola eta xakea izan dira protagonistak, eta ekitaldiak igande arratsaldera arte luzatuko dira.
Usabal kiroldegiko igerilekuan, alebin eta infantil mailako Gipuzkoako Igeriketa Txapelketa jokatzen ari dira. Kanporaketak eta finalak goizez eta arratsaldez izango dira, eta lurralde osoko taldeek, Tolosaldea IKT kluba barne, parte hartzen dute. Guztira, 33 igerilari eskualdekoak dira. Lehiaketa dela eta, barruko igerilekua itxita egongo da asteburu osoan.
Kiroldegiko kantxetan, berriz, Tolosa CF klubeko eskubaloi sailak antolatutako XVII. San Joan Txapelketa jokatu da. Infantil mailako nesken eta mutilen txapelketak izan dira, eta Tolosa CF, Leizaran, Urola eta Uharte taldeek elkarren aurka neurtu dituzte indarrak.
Futbolean, Tolosa CF klubak 11. Urtzi Gurrutxaga Oroimenezkoa txapelketa antolatu du Berazubin. Alebin mailako 12 talde ari dira lehian, tartean Tolosako Tolosa CF, Urdiña Txiki eta Tolosana, eta Alegiako Intxurre. Reala, Euskalduna, Ordizia, Beasain, Lazkao, Zarautz, Behobia eta San Martzial ere bertan dira. Taldeak hiru multzotan banatu dira, eta goizean multzoen faseko partidak jokatu ondoren, arratsaldean finalak izango dira, 17:00etan eta 17:45ean.
Azkenik, Trianguloa plazan, Tolosako Enroke Xake Klubak antolatuta, III. San Joan Xake Txapelketa ari da jokatzen. Bi kategoriatan banatuta, goizean 66 jokalarik parte hartu dute suitzar sisteman bederatzi txandatan. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, 14 urtez azpikoen txanda izango da, sei txandatan eta 5+3 minutuko erritmoan.




