Orendaineko Udalak Artisautza Azokaren laugarren edizioa antolatu du datorren iganderako, apirilaren 19an. Goizeko 10:30ean irekiko dira postuak, eta bisitariek 14:00ak arte izango dute aukera mota guztietako artisautza produktuak ezagutzeko, ekoizleekin zuzenean hitz egiteko eta erosteko.
Ekoizleen postu gehienak Urritzondo pilotalekuan kokatuko dira, eta gainerakoak frontoiaren inguruan egongo dira. Aurten ere, herriko ekoizle eta artisauen produktuak eskuragarri egongo dira. Eskaintza zabala izango da, besteak beste, bitxiak, heldu eta haurrentzako osagarriak, dekorazio artikuluak, xaboiak, jostailuak, kosmetika naturala, garagardo artisaua, egurrezko piezak, haur eta helduentzako moda, gazta, esnekiak, gozokintza eta ogia.
Gainera, bisitariek mokadu goxoak dastatzeko aukera izango dute. Azokak haurrentzako eskulan tailer bat ere eskainiko du, goizeko 10:30etik 11:30era. Tailer hau irekia izango da parte hartu nahi duten haur guztientzat, eta ez da aurrez izena eman beharko.




