Orendain herrian Andre Mari jaiak hasi dira ofizialki arratsaldean. Goizean haurrentzako jolasak eta gazteen bazkaria izan badituzte ere, arratsaldean piztu dituzte jaiak iragartzeko suziriak, aurten Eltxo Trail mendi lasterketako antolatzaileek egindako aitortza gisa. Lasterketaren 10. edizioa urriaren 17an izango da.
Plazan bildu diren herritarrek, gainera, Andoni Egia ren bertsoa abestu diete antolatzaileei, Iparragirreren doinuan. Bertsoak Eltxo Trail-en hamargarren edizioa eta Mikelaren oroimena goraipatzen ditu.
Jarraian, udaletxeko balkoitik gozokiak jaurti dituzte eta Astigarragako Kitadelpare txarangaren emanaldia hasi da. Gaurko egitarauak saiheski jatea, bingoa eta Ahantzi musika taldea ren kontzertua ere badakartza, 23:00etatik 02:00etara.
Gainera, mozorro eguna ospatzen ari dira Orendainen, eta herritarrek askotariko mozorroak jantzi dituzte, batzuk prestaketa lan handia eginda.
Bihar eta etzi ere festak ospatuko dituzte. Egitarau osoa kontsultagai dago sarean.




