Ferrero multinazional agroalimentarioaren Nutella markak Tolosako Tingladoa aukeratu du bere 'Buenos días' pote bildumagarrien serie berrirako. Serie honek estatuko 17 leku ikoniko biltzen ditu, eta Tolosako eraikin enblematikoa Gipuzkoa ordezkatzeko hautatu da.
Prentsa oharraren arabera, Tingladoa “sinbolo ikonikoa” da lurraldean, eta bere “izaera lokala, merkataritza tradizioa eta hiriko paisaian topagune enblematiko gisa duen balioa” islatzen ditu. Poteetan kolore biziak eta eguzki distiratsuaren ukitua agertuko dira, Oria ibaiaren ondoan dagoen eraikinaren edertasuna nabarmenduz.
Edizio berri hau osatzen duten beste leku batzuk hauek dira: Sevillako Giralda (Andaluzia), Huescako Canfranc geltokia (Aragoi), Covadongako lakuak (Asturias), Eivissako Dalt Vila (Balear Uharteak), Gran Canariako Maspalomas hondartza (Kanariak), Comillasko Gaudíren Kapritxoa (Kantabria), Ciudad Realeko Campo de Criptana (Gaztela-Mantxa), Leongo Arte Garaikideko Museoa (Gaztela eta Leon), Bartzelonako Park Güell (Katalunia), Madrilgo Gran Vía (Madrilgo Erkidegoa), Valentziako Arte eta Zientzien Hiria (Valentziako Erkidegoa), Badajozeko Plaza Alta (Extremadura), Lugoko Isla Pancha itsasargia (Galizia), Logroñoko Harrizko Zubia (Errioxa), Iruñeko Gaztelu Plaza (Nafarroa) eta Cartagenako erromatar antzokia (Murtziako Eskualdea).
Gainera, edizio mugatu honek eskualde bakoitzeko errezetak ere jasotzen ditu, Nutella produktuarekin egokituak. Tolosaren kasuan, gosaltzeko proposamena Nutelladun taloak dira. Pote hauek denbora mugatu batez egongo dira eskuragarri, 750 gramoko formatuan soilik.




