Hasiera batean egun bakarreko ekitaldi gisa sortu zen Naturaren doinuak jaialdia, musikaren, dantzaren eta literaturaren bidez gizarte-garapena bultzatzeko asmoz. Bost urte igaro ondoren, asteburu osoko jaialdi bilakatu da, eta urte osoan zehar aktibo dagoen gizarte-proiektu bat da. Jaialdiaren sortzaileak ilusioz hitz egin du bilakaera honetaz, hasierako ekitaldi xume batetik amestutako kultur sustapenarekin lotutako gizarte-proiektu bat izatera iritsi direla adieraziz.
“"Minbizia izan nuenez, eta arteak hainbeste lagundu didanez, besteei ere lagundu ziezaiekeela pentsatu nuen."
Proiektua pandemia garaian loratu zen, 2021ean, sortzaileak minbiziaren aurkako prozesu onkologikoan musika eta natura bidelagun izan zituenean. Lehen urtean, musika, dantza eta literatura uztartzen zituen emanaldi bat egin zen Ur mara museoko zelaian, basoan, itxialdiari erantzun bat emateko. Bigarren urtean, egun osoko egitaraua prestatu zen, eta gizarte-proiektu batekin lanean hasi ziren Izan Iñurri elkartearekin, minbizia izan duten edo duten emakumeen sentsibilizazioa eta ikusgarritasuna lantzeko.
2023ko edizioan, lanketa sakonagoa egin zen Aspanogi elkartearekin, minbizia duten adingabeekin eta haien senideekin lan egiten duen elkartearekin. Musikan eta mugimenduan oinarritutako sei hilabeteko tailerrak egin ziren ikastetxe batean, talde-kohesioa lantzeko. Jaialdia egun batekoa izatetik asteburu osoko plan izatera pasa zen, egun bakoitzak bere izaera propioa duelarik: desioak, belaunaldien arteko harremanak eta Naturaren doinuak eguna. Gainera, Alkiza bezalako landa-eremuetan kultura sustatzeko beharra eta irisgarritasunaren garrantzia azpimarratu ziren, kultura eskubide unibertsala izan beharko litzatekeela defendatuz.
Iaz, tailerrak are gehiago sakondu ziren Gautena elkartearekin eta Herrikide ikastetxearekin, autistak diren pertsonekin eta haien senideekin lan eginez. Edizio horretan, haur eta gazteek erreferente falta handia zutela ikusi zen, eta bide konbentzionaletatik kanpo gauza asko egin daitezkeela erakusteko aukera izan zuten. Gautena elkarteko komunikazio teknikariak proiektuaren onurak nabarmendu zituen, familiak askatasunez eta presiorik gabe ibili zirela adieraziz. Autismoa ikusarazteko, Agian Infinitoa kanta sortu zen Urdinduz martxa solidariorako, eta Klaap dantza eskolarekin koreografia bat prestatu zen.
Aurten, jaialdia hiru aste aurreratu da, maiatzaren 22tik 24ra ospatuko da Alkizan, beste ekitaldi batzuekin talka egitea saihesteko. Edizio hau berrikuntzaz josita dator, eta aurreko urteetan parte hartu duten kolektiboekin elkarlanean aritu dira, Atzegi elkartekoak ere gehituz, desgaitasun intelektuala duten pertsonekin lan egiten duena. Hiru ikastetxetan tailerrak egin dira, dantzariak, zinemagileak, idazleak eta musikariak bezalako erreferente askotarikoak izanik. Maiatzaren 22an, Naturaren doinuak jardunaldiak egingo dira, kulturarteko hezkuntzaz, kulturarako sarbideaz eta ingurune-osasunaz hitz egiteko. Gainera, open mic musika-ekitaldi bat eta askotariko tailerrak eskainiko dira, eskoletan landutakoa publiko orokorrera zabaltzeko helburuarekin.




