Leaburu-Txaramako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko partaidetza prozesuaren lehen faseari ekin berri dio. Herritar batek kanpin bat eraikitzeko asmoa agertu du, eta horrek plan orokorraren aldaketa eskatzen du.
Joan zen asteazkenean ospatu zen lehen bilkura herritarrekin batera. Bertan, dokumentuaren talde idazleak eta udal teknikariak izan ziren proiektuaren nondik norakoak azaltzen. Herritar askok parte hartu zuten, interesa erakutsiz, baina kezka nagusia aparkalekuari buruzkoa zen: «Kanpinera etortzen diren bisitariak non aparkatuko dute? Aparkalekua ere izango du?».
Kanpina Leaburuko San Sebastian ermita igaro eta Gaztelurako bidean dagoen zelai batean eraiki nahi da. Horrekin batera, beste «urbanizazio lan txiki batzuk» ere egingo dira Leaburun. Espazioa txikia dela kontuan hartuta, lau bungalow eta karabanentzako sei aparkaleku aurreikusten dira.
Udal teknikariak lanean hasi dira bisitarientzako aparkalekuaren galderari erantzuna emateko. Bilkuran egindako ekarpenekin txosten bat idatziko dute eta legediak eskatutako dokumentazioa herritarren eskuragarri jarriko dute. Alkateak proiektuaren etorkizunaren inguruko zalantzak dituen arren, Leaburu ezagutzera emateko eta herriari bizitasuna emateko aukera ona dela uste du.
Aurrera begira, bigarren fasean, udalak ingurumen-ebaluazioari hasiera emateko eskabidea eta ingurumen-dokumentu estrategikoa ingurumen-organora bidaliko ditu, plan orokorraren aldaketarekin batera. Hilabeteko epean erantzun beharko dute. Hirugarren fasean, hasierako onespenaren ondoren, plangintza dokumentua eta ingurumen ebaluazio estrategikoa jendaurrean jarriko dira alegazioak aurkezteko. Amaieran, alegazioen inguruko txosten bat idatziko da, egindako eskaerak edo ekarpenak onartzeko edo baztertzeko arrazoiak justifikatuko dituena. Gainera, Leaburu-Txaramako Udaleko webgunean dibulgazio materiala eta parte-hartze gida jarriko dituzte eskura, genero-ikuspegia txertatuz.
Datorren astelehenean, ekainaren 22an, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatua bisitatuko dituzte Leaburun, udalak gauzatutako proiektuak eta etxebizitza guneak ikusteko.




