Bidania-Goiatzen zortzi etxebizitza babestu sustatuko ditu Foru Aldundiak

Udalerri txikietan etxebizitza publikoak sustatzeko estrategiaren baitan, jabetza-erregimenean eskainiko dira.

Euskal baserri tradizionala, inguru berdeetan kokatua.
IA

Euskal baserri tradizionala, inguru berdeetan kokatua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorlur sozietate publikoaren eta Bidania-Goiatzeko Udalaren lankidetzarekin, babes publikoko zortzi etxebizitza tasaturen sustapena garatuko du udalerrian, jabetza-erregimenean eskaintzeko.

Sustapen hau Foru Aldundiak udalerri txikietan (1.000 biztanle baino gutxiago) etxebizitza publikoak sustatzeko bultzatutako estrategiaren baitan kokatzen da. Helburua da etxebizitza eskuratzeko aukerak bermatzea eta landa-ingurunean gizarte-kohesioa indartzea.
Proiektua Bidania-Goiazko herrigunean gauzatuko da, eta bi eta hiru logelako zortzi etxebizitza aurreikusten ditu. Hauek kalitatea, funtzionaltasuna eta prezio eskuragarriak eskaintzeko diseinatu dira, udalerrian bizi-proiektua ezarri nahi dutenen eskaerari erantzuteko. Sustapenak, halaber, trastelekuak eta aparkalekuak ere izango ditu, eraikin berria udalerriko hiri-ingurunean modu egokian integratuz.
Ekimena udalerri txikietako despopulazioa saihesteko, etxebizitzen baldintzak hobetzeko eta landa-garapen orekatu eta iraunkorra sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen da. Gainera, Eusko Legebiltzarrak azaroan onartutako etxebizitzaren arloko premiazko neurriei buruzko legeak emandako esparru juridikoak babesten du, 3.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitza publikoak jabetza-erregimenean sustatzeko aukera ematen baitu.
Bidania-Goiazko proiektuak Foru Aldundiak jada beste udalerri txiki batzuetan bultzatutako sustapenekin bat egiten du, hala nola Abaltzisketakoarekin. Aurreikuspenen arabera, beste bost udalerri txikitan etxebizitza sustapen berriak garatuko dira, lurzoru urbanizagarri berria okupatu beharrean gutxi erabilitako hiri-lurzoruak eta eraikinen birgaitzea sustatuz. Hasiera batean 46 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da Abaltzisketa (10), Bidania-Goiatz (8), Gaztelu (4), Altzo (12), Alkiza (8), eta Beizama (4) udalerrietan. Etorlurrek lanean jarraitzen du beste udalerri batzuekin eraikinak eta lurzoruak aztertzen egitasmo gehiago martxan jarri ahal izateko.