Txapelketa igandean hasi zen, eta maiatzaren 24an amaituko da finalarekin. Gizonezkoen ligaxka bat da, itzuli bakarrekoa, eta sei bikotek parte hartuko dute. Kanporaketa partidak astero jokatuko dira Zizurkilgo Zimiterioan, maiatzaren 10era arte.
Pasaka modalitate berezia da, gaur egun leku gutxitan bizirik dirauena. Iñaki Lizaso Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakariak adierazi duenez, «Oiartzunen eta Zizurkilen soilik jokatzen da gaur egun, eta horrek are bereziagoa egiten du. Pasaka jokoa mantentzea gure kirolaren ondarea zaintzea da, eta herritarrak modalitate hau ezagutzera animatzen ditugu».
“"Bigarren urtez Zizurkilgo Zimiterioan egingo da, eta oso eskertuak gara udalaren eskuzabaltasunagatik."
Izarne Zelaia Arratibel Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak pozgarritzat jo du pasaka Zizurkilen jokatzea: «Zizurkil herri pilotazalea da, eta antzinako modalitatearen Gipuzkoako Txapelketa beste urte bat gehiagoz gure herrira ekartzea ederra iruditzen zaigu. Gainera, Zizurkilgo Zimiterioak pasakan jokatzeko ezaugarri egokiak ditu».
Parte hartuko duten bikoteen artean daude Karrera-Chiapuso (Behar Zana Pilota Elkartea eta E.P.L.E.), Zufiria-Oñate (Behar Zana Pilota Elkartea), X. Urbieta-A. Urbieta (Behar Zana Pilota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol Kluba), J. Urbieta-I. Urbieta (Behar Zana Pilota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol Kluba), Alberdi-Aizpuru (Tolosa Aurrera Pilota Elkartea) eta Lizaso-Urruzola (Behar Zana Pilota Elkartea). Aipatzekoa da Zufiria-Oñate bikotea jubenil mailakoa dela, Lizasok modalitatearen biziraupenerako ezinbestekotzat jo duena.
Partidak hamaika jokotara jokatuko dira. Lehen sailkatua zuzenean finalera pasatuko da, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute. Partidak normalean larunbat goizetan izango dira, baina astean zehar ere jokatuko dira. Zizurkilgo Udalaren webgunean emango da partiden berri.
Pasaka joko zuzen bakarra da, plaza librean jokatzen ez dena. Leku itxietan jokatzen da, hala nola arkupeetan (zimitorioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketetan eta frontoi motzetan. Partida sare batek bereizitako bi eremutan garatzen da, sake-eremua gainerakoa baino luzeagoa izanik. Sakean pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta kontrako frontisean jo behar du, marraren edo txaparen gainetik. Neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke. Puntu-kontaketa jokoen bidez egiten da: hamabost, hogeita hamar, berrogei eta, ondoren, jokoa lortzen da.




