Sei hilabeteko lanen ondoren, Atxulondo kultur etxea prest dago ikasturte berrirako. Zizurkilgo Udalak eraikinaren birgaitze energetikoa egin du, energia-eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin.
Eraberritze lanak kultur etxearen kanpoaldean egin dira, isolamendua hobetuz. Horretarako, fatxada eta estalkia berritu dira, bero-galerak murriztu eta eraginkortasuna handitzeko. Lan hauei esker, eraikinaren energia-kalifikazioa E mailatik C mailara igo da, eta energia-kontsumoa murriztuko da.
Maite Amenabar alkateak azpimarratu du legealdiko konpromiso garrantzitsuenetako bat bete dela, udal-eraikinak hobetzea eta jasangarritasunaren alde egitea lehentasunezkoa izan dela adieraziz. Eraikin erosoagoa eta jasangarriagoa eskainiko zaie erabiltzaileei.
Teilatuaren konponketa eta fatxada berria egiteaz gain, leihoak ere berritu dira. Bi sistema konbinatu dira fatxadan: SATE (Sistema de Aislamiento Térmico Exterior) beheko solairuan eta fatxada aireztatua gainerakoan. Neurri hauek neguan berokuntza mantentzen lagunduko dute, energia-kontsumoa murriztuz.
Udaletik nabarmendu dute obraren emaitzak nabaritu direla jada uda honetan, beroaldietan eraikinaren barrualdea erosoagoa izan baita. Lanek 391.482,48 euroko aurrekontua izan dute eta Europar Batasunaren NextGenerationEU programaren bidez finantzatu dira, 150.000 euroko dirulaguntzarekin.




