EHBilduk eta EAJ udal taldeek mozio bat aurkeztu eta gehiengo osoz onartu dute osteguneko osoko bilkuran, bi urteurren historiko garrantzitsu gogoratzeko: Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimendua sortu zeneko mende erdia.
Mozioak nabarmentzen du 2026. urtea Euskal Herriarentzat bereziki garrantzitsua dela, besteak beste, Foruen abolizioaren 150. urteurrena (1876ko uztailaren 21ekoa) eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena (1976an Bergaran bildu zena) direla eta. PSE k aurka bozkatu zuen, adieraziz mozioak ez zuela Euskadiko gizarte osoa ordezkatzen.
Sei puntuko testuak berresten du Bergarako Udala bat egiten dela bi efemerideen oroitzapenarekin eta haien garrantzi historiko, politiko eta instituzionala aitortzen duela. Era berean, mozioak aldarrikatzen du Euskal Herria berezko nortasuna eta nazio izaera duen herria dela, eta bere herritarrek dutela etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea.
Testuak azpimarratzen du beharrezkoa dela foru integrazioaren eta burujabetza osoaren bidean urrats berriak egitea, eta horretarako, Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratzea, egungo beharretara egokituz. Gainera, udalerriek Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan duten eginkizun erabakigarria indartzeko konpromisoa hartzen du.
Mozioak bat egiten du datorren uztailaren 19an Bergaran antolatuko den ekitaldi politiko-instituzionalarekin, Alkateen Mugimendua gogoratzeko, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko eta Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko konpromisoa berritzeko.
Gogora ekarri duenez, 1876ko foruen abolizioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-erregimenaren amaiera ekarri zuen. Mende bat geroago, 1976an, frankismoaren amaieraren testuinguruan, udal ordezkariak Bergaran bildu ziren Alkateen Mugimendua osatzeko, eta foruen abolizioaren mendeurrena baliatu zuten Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak eta autogobernurako nahia aldarrikatzeko.
Mozioak dioenez, 1976ko adierazpen hark jasotako espirituak gaurkotasun osoa du, eta udalerriek duten eginkizun politiko eta instituzionala funtsezkoa da. Herritarren borondate demokratikoaren adierazpide hurbilena izaten jarraitzen dute udal erakundeek.
Azkenik, mozioak zehazten du zeintzuk diren Bergarako Udalbatzak hartutako erabakiak: batetik, bi urtemugak oroitzeko eta haien garrantzia aitortzeko; bestetik, lurralde historikoen eskubideak eta burujabetza aldarrikatzeko; eta, hirugarrenik, udalerrien eginkizuna indartzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoa hartzeko.




