Lehiakideek 45 hazbeteko enborrak moztu beharko dituzte, bai horizontalean zein bertikalean, 500 metroko lasterketarekin tartekatuta. Proba hau bi aldiz errepikatu beharko dute, gehienez 18 minutuko denbora mugan.
Txapelketaren bigarren kanporaketa datorren larunbatean izango da Zumarragan. Bi saio horietatik sailkatzen diren sei kirolariek aurreko urteetako txapeldunen aurka neurtuko dituzte indarrak ekainaren 7an, Tolosako zezen-plazan ospatuko den finalean.
Bestalde, Urnietako udaletxeko plazan Caja Rural aizkora txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko da igandean. Bertan, Izar Berriak txapelketako bikoteak eta emakumezkoen mailako aizkolariak arituko dira, harrijasotzaileen erakustaldiarekin batera.




