Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak aurrematrikula epea zabaldu du 2026-2027 ikasturterako, ekainaren 19ra arte. Izena emateko aukera hau garrantzitsutzat jo du udalak, batez ere eskaera kopurua plaza baino handiagoa izanez gero, aurrematrikula egitea kontuan hartuko baita hautaketa prozesuan.
Euskaltegiak maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu, A0 mailatik hasi eta C2 titulazioraino. Eskolak goizez zein arratsaldez izango dira, eta hiru ikas-eredu daude aukeran: aurrez aurreko eskolak, online autoikaskuntza eta bi modalitateak uztartzen dituen sistema mistoa. 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena, Tolosan erroldatuta egon ala ez.
Ikastaroaren prezioa ordu kopuruaren arabera aldatuko da. Aurrez aurreko eskoletan 1,42 euro ordaindu beharko da orduko, autoikaskuntzan 2,56 euro, eta bi ereduen artekoan 2 euro. C2 mailan, prezioak altuagoak dira: aurrez aurre 2,14 euro eta autoikaskuntzan 3,84 euro. Matrikula doakoa izango da familia ugarientzat, guraso bakarreko familientzat eta diru-sarrerak bermatzeko prestazioak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenentzat.
Tolosako Udalak diru laguntzak ere eskaintzen dizkie bertan erroldatutako ikasleei. A1, A2, B1 eta B2 mailetan ikastaroaren %95 ordaintzen du udalak, C1 mailan %75, eta C2 mailan %50. Laguntza hauek jasotzeko, %85eko gutxieneko asistentzia eskatu da. Horrela, B2 mailara arteko ikasleek batez beste 20 euro inguru ordainduko dute ikasturte osoan.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak datorren ikasturtean Euskara Bonua sistema jarriko du martxan B1 mailara arteko ikasleentzat. 120 euroko kostuarekin, lau ikasturtetan erabili ahal izango da euskaltegian ikasteko.
Aurrematrikula egiteko, online egin daiteke [Izenematea.tolosa.eus](https://ataria.eus/Izenematea.tolosa.eus) webgunean, edo aurrez aurre Rondilla kaleko 34. zenbakiko Gorosabel eraikineko idazkaritzan. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 651 006 telefono zenbakira deitu edo aitzolue@tolosa.eus helbidera idatzi daiteke.




